20 de septiembre de 2011

EAJ-PNVK BILDU ETA PSOERI ESKATU DIE, TXARTEL BAKARRAREN HEDAPENERAKO ETA DONOSTIAKO AUTOBUS GELTOKIA ERAIKITZEKO SINATUTA DAUDEN ERAKUNDEEN ARTEKO HITZARMENAK LEHENBAILEHEN BETE DITZATEN.

Arantza Tapia, Markel Olano eta Eneko Goia
Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako batzordean jeltzaleen batzarkide taldeko bozeramaile Arantza Tapiak azaldu duenez, “ebazpen-proposamena aurkeztu dugu, eta honen bitartez, Foru Aldundiari eskatu diogu Madrilen 2010ko aurrekontu-akordioa sina dezan, gipuzkoarrok RENFE zerbitzua Lurraldebus txartelarekin 2011ko amaiera baino lehen erabili ahal izateko”.

Jeltzaleen batzarkide taldeak eta Donostiako Udal taldeak prentsaurrekoa egin dute mugikortasunaren alorrean aurkeztuko dituzten proposamenak azaltzeko. EAJ-PNVren bozeramaile, Markel Olanok gogoratu duenez, “aurreko legealdian aldundiak, gipuzkoarron mugikortasun-beharrak kontuan hartuz, hainbat azterketa egin zituen, eta zeuden beharrak zein lehentasunak ezarri zituen”.

Era berean, Olanok ondorengoa azpimarratu du: “bai 2010ean Madrilen, bai 2011n Gipuzkoako Garraioen Agintaritzan, Gipuzkoan Txartel Bakarra martxan jartzeko hitzarmenak sinatu ziren; hau da, Lurraldebus, Donostibus, Irun eta Errenteriako hiri barneko zerbitzua, eta EuskoTren eta RENFE tren zerbitzuetan”.

Ildo beretik, Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako batzordean jeltzaleen batzarkide taldeko bozeramaile Arantza Tapiak azaldu duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu berriarekin batera atzerapenak gerta daitezke; ondorioz, foru gobernuari honakoa eskatu diogu: alde batetik, 2010eko Madrilgo aurrekontu-hitzarmena sina dezan, 2011ko amaiera baino lehen gipuzkoarrok Lurraldebus txartela RENFEko zerbitzuetan erabili ahal dezagun; eta bestetik, Gipuzkoako Garraioen Agintaritzan lortutako akordioa indarrean jar dezan 2012ko lehenengo hiruhilekoa amaitu baino lehen”.

Halaber, Trenbideen PTSari buruz, Arantxa Tapiak esan duenez, “krisi-testuinguruan beharrezkoa da aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean aritzea Gipuzkoako bide zein trenbide garraio sarea hobetzeko”. Horretarako, Tapiak segidakoa nabarmendu du: “Lortutako hitzarmenen exekuzioa atzeraezina da, gipuzkoarron bizi-kalitatea hobetzeko; batez ere, bizi dugun krisi ekonomikoarekin”.

Azkenik, Tapiak gogoratu duenez, “Madrilen EAJ-PNV taldeak gertuko tren zerbitzuaren eskualdaketa mahai gainean jarri du. 2010eko aurrekontu-akordioaren barruan dago. Aitzitik baina, PSOEren jarrera Madrilen eta Gipuzkoan edo Euskadin ez da berdina; izan ere, hemen interesantea iruditzen zaiona, Madrilen ez du gustoko. Beraz, Zapaterok ez du hitzartutakoa beteko beste behin”.

ENEKO GOIA: “BILDUK AUTOBUS GELTOKIA ATZERATU NAHI DU, ETA HORI ONARTEZINA DA”.

Bestalde, Donostiako EAJ-PNVren udal taldeko bozeramaile Eneko Goiak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari dei egin die, “Atotxako autobus geltokia eraikitzeko lortutako erakundeen arteko hitzarmenak lehenbailehen bete ditzaten”.

Donostiako Udaleko jeltzaleen bozeramaileak adierazi duenez, “Donostiak gehiegi itxaron du behar den bezalako autobus geltokia izateko”; eta honakoa gaineratu du: “Sozialisten gobernuak bi hamarkada igaro zituen hiriarentzat ezinbestekoa den azpiegitura eraikitzeko. Orain, proiektua esleituta dagoela, Bilduk proiektua atzeratu nahi du, eta hori onartezina da”.

Jeltzaleen bozeramailea kezkatua dago, izan ere, Bilduko udal eta foru gobernuek Atotxako proiektua gelditzeko erabakia hartzekotan daude. Hori dela eta, ondorengoa nabarmendu du: “Donostiarentzat oso garrantzitsua da autobus geltoki berria izatea, baita ere geltokia Tabakalera eta AHT geltokiarekin bat egitea; izan ere, Donostiarako erdigune berri bat izango da. EAJ-PNVk ahal duen guztia egingo du erabaki txarra har ez dezaten, eta ondorioz, hiriarentzat atzerapena izatea”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario