9 de febrero de 2012

MARKEL OLANO: “MARTÍN GARITANO ETENGABE PANKARTAREN ATZEAN DAGO. EZ DU PROGRAMARIK”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak diputatu nagusiari eskatu dio, aldundiaren gobernu-programa aurkezteko. Olanoren iritziz, “gobernuak lehenengo sei hilabeteetan programarik aurkeztu ez badu, iadanik ez du egingo. Beraz, legealdia galdutzat emango dut”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan duenez, “Martin Garitano etengabe pankartaren atzean dago”. Olanok hitz hauek Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran esan ditu, eta segidakoa gaineratu du: “Aste honetan ikusi ahal izan dugu diputatu nagusiaren argazkia azpiegitura handien aurkako manifestazioan”. Hori dela eta, EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, “aldarrikapena izango da Bilduren gobernuaren oinarria; izan ere, programarik gabe ez du ekimenik izango, ezta plangintzarik edo lehentasunik ezarriko ere”.

Era berean, Markel Olanok adierazi duenez, “norabiderik gabeko gobernua da. Ez du ekonomia arloan agendarik, hau da, ez du krisiaren aurkako plangintzarik; eta, orobat, ez du gizarte alorrean programarik”. Hartaz, hona hemen Olanoren hitzak: “Gobernu honek aurrekoak martxan jarritako ekimenak gelditu eta oztopatu ditu”.

Honenbestez, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak aldundiari eskatu dio, “programa aurkezteko. Izan ere, sei hilabete igaro dira lehentasunak taldeei azalduko zizkiela esan zuenetik; baina atzitik, ez du bete. Hala ere, okerrena segidakoa da: gobernuak kargu hartu zuenetik zortzi hilabete pasa badira eta, oraindik, lehentasunak aurkeztu ez baditu, iada ez du egingo. Beraz, legealdia galdutzat emango dut”.

Markel Olanok, halaber, azpimarratu duenez, “aurrekontu batek ezin ditu ezarri legealdi osoaren lehentasunak; alabaina, gobernu programak helburuak zein legealdiaren ildo estrategikoak ezartzen ditu, ekimen horien arduradunak zein ordezkariak izendatzen ditu”.

Horregatik guztiagatik, Olanok honakoa esan du: “Norabiderik gabeko gobernua dugu. Horrek gardentasun falta eta kudeaketa txarra ekarriko ditu, eta hori ezin dugu onartu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario