12 de marzo de 2012

MARKEL OLANO: “BILDUK ORAIN ARTE ALDUNDIAK ETA ALKATEEK BULTZATUTAKO ELKARLANA HAUTSI DU”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, “oso kezkagarria da Bilduk besteon iritziak entzun nahi ez izatea. Politika egiteko benetako jarrera erakutsi dute”.

Ogasun eta Finantza batzordeko eguneko bigarren aztergaian – Eudel-en ordezkari Aitor Kerejeta eta Miguel de los Toyos Hondarribiko eta Eibarko alkateen agerraldia Udalen finantza-egoera azaltzeko - Bilduren batzarkideek Eudeleko ordezkaritza onartu ez eta batzorde gela utzi dute. Markel Olano jeltzalearen ustez, “beste behin ere Bilduk argi utzi du entzuteko gaitasunik ez duela eta, hori, oso larria da”. Ildo beretik, Olanok zehaztu duenez, “Batzordeari planto egin diote eta Eibar edo Hondarribiko alkate garrantzitsuen iritzia ez dute entzun izan nahi. Jarrera autoritarioa dute eta, horrek, asko kezkatzen gaitu”.

Era berean, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa esan du: “Bildu Eudelen aurka dago eta, ondorioz, boikota egiten dio. Jarrera horrek, ordea, ez digu gainontzeko taldeei kalterik egiten, herritarrei baizik; izan ere, haiei eskaintzen zaizkien zerbitzuen okerragotzea dakar”.

Hori dela eta, Markel Olanoren aburuz, “Bilduren eredua ez da lidergo partekatua, noraezaren subordinazioa baizik”, eta segidakoa gaineratu du: “Bildu Gipuzkoako Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz egiten ari dena onartezina da. Are gehiago: politika egiteko duten benetako aurpegia erakutsi dute; alabaina, herrietako alkateen ordezkariak batzar nagusietara etorri dira eta ez diete entzun nahi izan”.

Amaitzeko, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunaren ustez, “politikan pertsonen arteko harremanak garrantzitsuak dira eta, une honetan, ez dago aldundiaren eta udalen, ez eta alketeen eta diputatuen, arteko komunikaziorik”. Markel Olanoren iritziz, “aldundiaren eta udalen arteko elkarrizketarik ez dagoenez, Foru Aldundiak ez du ezagutza-tresnarik lurraldearen errealitatea jakiteko eta, horrek, asko kezkatzen gaitu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario