14 de marzo de 2012

MARKEL OLANO: “HONDAKINEN KUDEAKETARAKO PLANGINTZA BATZAR NAGUSIEN ESKUMENA DA”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak gogoratu duenez “aldundia exekutiboa da eta, beraz, mankomunitateekin eta udalekin batera ganbera honek erabakitakoa ezarri beharko du”.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Juan Carlos Alduntin batzar nagusietan agertu da, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren (GHK) kudeaketari buruz hainbat galdera erantzuteko. Markel Olano jeltzaleak azpimarratu duenez, “diputatuak jarrera oldarkorra izan du. Are gehiago: ez da ordezkari batek eduki beharreko jarrera”.

Era beran, Olanok gogoratu duenez, “erakunde bakoitzak bere eskumenak ditu” eta, ondorioz, honakoa esan du: “Hondakinen kudeaketarako plangintza batzar nagusiena da. Udalek, mankomunitateek eta aldundiak berak, exekutiboa denez, ganbera honek plangintzari buruz erabakitakoa aintzat hartu beharko dute”.

Bizkaiarekin hitzarmenaren luzapena izan da eztabaidaren zatirik garrantzitsuena. Alduntzin foru diputatuak esan duenez, luzapenik ez egoteko politika-presioak daude. Hona hemen Markel Olanoren erantzuna: “Alduntzin berak esan zuen luzapenik ez egoteko erabakia politika-jokoan sartu ahal dela, Bizkaia isilik zegoenean”.

Olanok, halaber, adierazi duenez, “egia da hitzarmena GHK-ren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatu zela; baina aitzitik, sinatu aurreko kudeaketa bi diputatu nagusiek egin zuten”. Honenbestez, EAJ-PNVren eledunak Martin Garitanoren falta deitoratu du eta honakoa azpimarratu du: “Hondakinen Partzuergoak bere bidea jarraitu behar du; hala ere, kudeaketa akats larria da Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gorenek Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitz egin nahi ez izatea”.

Gainera, Olanok esan duenez, “zaborra Igorreko zabortegira eramateko, GHK-ren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako hitzarmenaren hirugarren puntuan, Zubietako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako Zentroa dago eta, bertan, errauskailua eraikitzeko erabakia. Hortaz, Bizkaiak hitzarmena luzatzen ez badu, zer egingo dugu zaborrekin? Zeintzuk dira aldundiak zaborraren tratamendurako proposatzen dituen beste moduak?”.

Azkenik, Olanoren iritziz, “Alduntzinek esandako bilketa-sistemarekin, atez atekoarekin alegia, ez dugu uste Bizkaira eramaten diren zaborrak beste lurraldetara eraman gabe kudeatu ahal direnik”. Beraz, jeltzaleen eledunak segidakoa azpimarratu du: “Diputatuaren iritziz, atez ate bilketa-sistemarekin errefusa gutxitu da, baina hori ez da horrela. Gutxitu dena zaborren kopurua da, izan ere, ‘zaborren turismoa’ delakoa dago; hots, herritarrek zaborrak herri batetik bestera eramaten dituzte”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario