Jeltzaleen
bozeramaile Markel Olanoren iritziz “Foru Aldundia guztiz desagertua dago;
alabaina, ez du ekimenik eta, are gehiago, aurkeztu duen bakarra EAJ-PNVrekin
2012ko aurrekontuei begira lortutako akordioan dagoena da”.
Gaur goizean INEk Estatuko langabezi-tasaren datuak eman
ditu. Institutuaren arabera, Espainiako langabezi tasa %24,4 igo da eta, beraz,
langabetu kopurua 5,6 milioikoa da. Hala ere, Gipuzkoan datuak bestelakoak dira:
Langabezi tasa %10,93koa da, hots, 36.800 pertsona daude lanik gabe.
EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok
datuen hausnarketa egin du: “Ezin dugu ukatu Gipuzkoako langabezi tasa altua
denik, baina baldin eta gure inguruarekin alderatzen badugu, Europako bataz
bestekoa mantentzen duen lurralde bakarra gara”. Olanoren iritziz, “azken
urteetan finkatutako ekonomia-egitura orekatu eta lehiakorra da datu hauen
arduraduna; izan ere, Gipuzkoako lanpostuen %85 mantentzea lortu du eta, ondorioz,
enpresak lehiakorrak izaten jarraitu dute”.
Hala ere, EAJ-PNVren eledunaren aburuz, “ekonomia-egitura
hori arriskuan dago. Adegik esan zuen 2012.urtean atzeraldian sartuko garela
eta, hori, berri oso kezkagarria da ekonomia-egoerari nekez eusten ari zaizkion
enpresentzat”. Hori dela eta, Markel Olanok segidakoa esan du: “Ezinbestekoa da
gure lurraldeko gizarte eragileak zein arlo ekonomikoko eta erakundeetako
ordezkariek argi edukitzea lehentasun nagusiena; hau da, gure ekonomia-egitura
mantentzea eta garai berrietara egokitzea”.
Era berean, Markel Olanok honakoa salatu du: “Foru
Aldundia guztiz desagertua dago; alabaina, ez du ekimenik eta, are gehiago,
aurkeztu duen bakarra EAJ-PNVrekin 2012ko aurrekontuei begira lortutako
akordioan dagoena da”.
Olanok, halaber, Gipuzkoako Ogasunak azken urteetan
izandako jarrera azpimarratu du; alta, “kinka larrian zeuden enpresei erronka
berriei aurre egiteko ezinbestekoak diren inbertsioak burutzen lagundu die”.
Baina aitzitik, jeltzaleen bozeramailearen ustez, “egungo Foru Ogasuna soilik
diru-bilketaz arduratuta dago”.
Gainera, EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunak segidakoa
gogoratu du: “Lehengo legealdian arlo publikoaren eta pribatuaren arteko
elkarlana bultzatu genuen ekonomia-egitura indartzeko; izan ere,
administrazioaren eta gizarte- nahiz ekonomia-ordezkarien arteko elkarrizketa
eta elkarlana ezinbestekoak dira. Beraz, horregatik jaio zen Gipuzkoa Aurrera
ekimena. Egun, ordea, arlo honetan dugun errealitatea tamalgarria da”.
Azkenik, Markel Olanok Bilduren Gobernuaren eredu eza eta
kudeaketarako gaitasuna salatu ditu; alabaina, “oso kezkagarriak dira bai gure
enpresentzat bai enplegua mantentzen ari diren milaka gipuzkoarrentzat, baita
enplegua lortu nahi duten 36.800 langabetuentzat ere”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario