9 de mayo de 2012

MARKEL OLANO: “TABAKALERA EGITASMOAREKIN BATERA EUSKALDUNON NORTASUNA DAGO JOKOAN”


EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen iritziz, “lidergo falta dela eta, epeak behin eta berriz atzeratu dira eta, horrek, herritarrengan eragina izan du; izan ere, egun herritarrek oso urruti sentitzen dute Tabakalera egitasmoa”.



Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurak Foru Aldundiari eskatu dio, Tabakalera egitasmoa estrategikotzat hartzeko. Proposamena EAJ-PNV batzarkide taldeak egin du eta jeltzaleen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Guztiok Tabakalera proiektuaren alde egin behar dugu bai eraikinaren zaharberritzearen alde, bai eraikinak hartuko dituen ekimenen alde; eta horretarako, Foru Aldundiak lehentasunak ezarri behar ditu”.

Era berean, Olanok obrak izan ditu hizpide: “Tabakaleran lanak jarraitzea oso garrantzitsua da, nahiz eta oraindik Foru Aldundiko gobernuak egitasmoaren gainean erabakirik hartu ez duen”. Ildo beretik, jeltzaleen eledunak gogoratu duenez, “Bilduk agintera iritsi zenean, 2011ko iraila arteko tartea eskatu zuen egitasmoa aztertzeko. Ondoren, abenduaren 22a arteko luzapena eskatu zuen eta, behin eguna iritsita, bi hilabetetan etorkizuna aztertuko zuela esan zuen. Hortaz, bost hilabete pasa dira eta gobernuak ez du oraindik erantzunik eman. Beraz, lidergorik nahiz zehaztasunik gabe jarraitzen dugu”.

Halaber, EAJ-PNVren bozeramaileak honakoa salatu du: “Atzerapen guzti horiek herritarrengan eragina dute; izan ere, egun herritarrek oso urrun sentitzen dute Tabakalera egitasmoa. Gizartearen ilusioa berriz pizteko unea da, alabaina, Tabakalerarekin batera euskaldunon nortasuna dago jokoan”.

Bestalde, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu diote, behin-betiko kultura-egitasmoa egiteko, oraindik ez egoteak kezkagarria delako. Markel Olanoren ustez, “lehengo legealdian EAJ-PNVren aginteko gobernuak proiektua zehatea oso garrantzitsua zela uste zuen. Ondorioz, 2009ko abenduan Donostiako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu genuen, eta bertan, edukien ekoizpenari zein ezagutzari erantzuna ematea adostu genuen. Ondoren, 2011.urtean Tabakaleraren eta Foru Aldundiaren artean egitasmoaren bihotza, hots, Ikus-entzunezko sorkuntza zentroa, Artelekun martxan jartzea erabaki zen, betiere elkarlanean proriektua indartzeko”.

Ildo beretik, Markel Olanok segidakoa esan du: “Gure ikus-entzunezko edukiak sortuz gure nortasuna indartuko dugu; beraz, Tabakalera estrategikoa da Euskal Herriarentzat zein gure nortasunarentzat. Izan ere, gure nortasuna ez da futbolarekin eraikitzen; kulturaren industriak zeresan nagusia du, gure nortasuna eta herriaren kultura indartzerako orduan”. Horrenbestez, Olanoren aburuz, “arlo honetan lidergoa izan behar dugu. Gipuzkoan euskarak duen garrantzia dela eta, Euskal Herriari ekarpena egin behar diogu, eta horretarako, Tabakalera egitasmoa garatzeko unea da”.

Azkenik, Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote, behin gogoetarako epea amaiturik, Tabakalerako Administrazio Kontseiluak eraikinak hartuko dituen egitasmoak zehazteko eta proiektua zuzentzeko nahiz kudeatzeko lantaldea lehenbailehen osatzeko. Olanoren iritziz, “Bilduk epe guztiak agortu ditu eta ez du erabakirik hartu. Ondorioz, egitasmoa noraezean dago”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario