14 de junio de 2012

XABIER EZEIZABARRENA: “GAUR KONFIRMATU DA BILDUK JASANARAZI DIGUN IRUZURRA”.


EAJ-PNVren batzarkideak salatu du “Bilduk eztabaida legitimitaterik gabe utzi nahi duela; are gehiago, ez du bere plana babesteko moziorik aurkeztu”.


Batzarkide taldeek Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinen plangintzari aurkeztutako mozioei buruz eztabaidatu dute gaur goizean. Xabier Ezeizabarrena jeltzalearen iritziz, “gizarte, ekonomia eta ingurugiro arrazoiak ditugu mozioak aurkezteko”. Ildo beretik, Ezeizabarrenak honakoa azpimarratu du: “Gizarte arloan, aurkeztutako plangintza ez da erabatekoa; izan ere, atez atekoa jarri duten herriek ez dute ordezkatzen gipuzkoako biztanleriaren erdia”.

Era berean, hautetsi jeltzaleak segidakoa azpimarratu du: “Ekonomia arloan, atez atekoa garestiagoa da eta, gainera, hondakin-hondarren balorizazio energetikoa baztertzen du. Kandelen denbora amaitu da eta, beraz, energia sortzen saiatzeko unea iritsi zaigu”.

Halaber, EAJ-PNVren batzarkideak ingurugiro arrazoia aipatu du: “Europako herrialdeek balorizazio energetikoa babesten dute, betiere behin R hirukoitza delakoa agortutakoan”.

Honenbestez, Xabier Ezeizabarrenaren ustez, “gure iritziak urteetako lana du oinarri eta ez, ordea, urtebetekoa eta gustuko ez duzuen zerbait baztertzeko zuzenduta”. Hortaz, Ezeizabarrenaren aburuz, “gaur egungo plangintza babesten duten hainbat adostasun lortu dira, nahiz eta Bilduk beteko ez dituela adierazi duen”. 

Hori guztia dela eta, EAJ-PNVren batzarkideak honakoa esan du: “Gaur konfirmatu da Bilduk jasanarazi digun iruzurra hondakinen kudeaketan; alabaina, ez dute moziorik aurkeztu, ez erdibidekorik lortu eta, ondorioz, jarrera arduragabe aizan dute”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario