15 de febrero de 2013

GIPUZKOAK AURRERA EGITEKO ERAKUNDEEN ETA GIZARTEAREN ZEIN EKONOMIAREN ERAGILEEN ARTEKO ELKARRIZKETA ETA ELKARLANA ESKATU DU EAJ-PNV-K



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano Radio Euskadin egon da eta honakoa esan du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du ekonomia ekimenik egin”.



EAJ-PNV bartzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Radio Euskadiko Dani Alvarez kazetariaren galderei erantzun die gaur goizean, Boulevard saioan. Bertan, Markel Olanok honakoa azpimarratu du: “Erakundeen arteko elkarrizketa ezinbestekoa izango da, orain arte proiektu estrategikoen gainean egindakoan atzera ez egiteko”. Ildo beretik, Olanok esan du, beharrezkoa dela lehentasunak ekonomia-egoerarekin bat egitea eta, beraz, proiektu estrategikoak lurraldearen errealitateari moldatu behar zaizkio”.

Era berean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak ez du gustuko ‘faraoniko’ delako hitza – Gipuzkoako Foru Aldundiaren egungo arduradunek maiz erabiltzen dute – proiektui buruz hitz egiteko, eta berretsi du, Gipuzkoako EAJ-PNVk lurraldearen proiektu estrategikoen alde egingo duela; izan ere, oso garrantzitsuak dira Gipuzkoako herritarren etorkizuneko ekonomia- eta gizarte-ongizatearentzat.

Horrenbestez, Markel Olanok segidakoa eskatu die Euskadiko erakundeei zein alderdi politikoei: Elkarrizketa, akordio eta harreman gehiago. Kezka sortzen didate Donostiako Udaleko PP eta PSEren ordezkarien adierazpenak. ‘Matxinada’ hitza erabili dute eta, gure ustez, hori egiteak gure herriaren interesen aurka egiten du eta liskarra sortzen du. Eta liskarra da, hain zuzen ere, ekidin behar duguna, elkarrizketaren eta komunikazioaren alde egiteko.”.

Gipuzkoako hondakinen kudeaketari buruz ere galdetu diote Olanori: “Bilduk Batzar Nagusietako gehiengoari aurre egitea erabaki du, nahiz eta Batzar Nagusiek hondakinen arloan eskuduntza duten. Beraz, demokraziaren aurkako jarrera du Bilduk eta muga guztiak gainditu ditu; izan ere, finantza-erakundeen, enpresen edota Europako Inbertsioetarako Bankuaren aurka egiten ari da. Hau da, Bilduk gatazka bilatzen du eta inposatzea du helburu. Eta, horrek, kezka handia sortzen digu: Gipuzkoa galzorian jarri du, ez duelako ekimenik eta orain arteko erakundeen lana  baztertu duelako eta herritarren gehiengoaren iritziaren aurka egin duelako”.  

Horren harira, jeltzaleen eledunaren aburuz, “onartezina da Gipuzkoan hondakinen arloan gertatzen ari dena. Bilduk ez ditu bete nahi ez konpromisoak ez Batzar Nagusietako ebazpenak eta, horrek, bere ondorioak ditu. Bilduren jarrerak ez du ibilbiderik eta aurre egingo diogu, hainbat neurri aurkeztuz, betiere, oposizioaren gainerako alderdiekin batera”.

Pasaiako kanpoko portuaren gainean, Markel Olanok segidakoa azpimarratu du: “Pasaiako birsorkuntza ez da posible izango, baldin eta ekonomia-jarduera kanpora ateratzen ez bada”. Hala, Olanoren ustez, ezin dugu itxaron harik eta ekonomia-jarduera kanpora atera arte, Gipuzkoako degradatutako eremurik handiena birsokuntza egiteko”. Hala ere, EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, “ekonomia-egoera epe labur eta ertainean garrantzitsua izango da azpiegituraren eraikuntzarako, baina horrek ez du esan nahi aldarrikapen historiko hau baztertuko dugunik eta, beraz, proiektuaren lehentasunaren alde egiten jarraituko dugu”.

Donostiako Metroari buruz ere hitz egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaileak eta Radio Euskadiko Dani Alvarez kazetariak: “Donostia-beterriko trenbide azpiegiturak hobetu behar dira eta egungo trena metroan bihurtu behar da. Maiztasunak hobetu behar dira, bereziki, Lasarte-Oria, Donostia eta Hendaia artean. Era berean, uste dugu azpiegitura Donostiako erdigunetik igarotzeak lehentasuna izan behar duela, izan ere  hiriburuaren zein inguruko herrien etorkizunerako garrantzitsua da. Dena den, azpiegitura moldatu beharko da ekonomia-egoerara eta kostuaren kalkuluan sortutako akatsetara”.

Markel Olanok, orobat, krisiari eta Bilduri krisiari aurre egiteko plana egiteko foru arau proposamenari buruz hitz egin du: “Bilduk ez du ezer egin lurraldeak bizi duen egoera larriari aurre egiteko. Behin eta berriro eskatu diogu, krisiari aurre egiteko plana egiteko, baina entzugor egiten die eskariei eta, ondorioz, Batzar Nagusietako gehiengoari. Jarrera horren aurrean erabaki dugu, Bilduren aginteko Foru Aldundiari krisiari aurre egiteko plana egitera beharko foru arau proposamena egitea”.

Azkenik, EAJ-PNVren eledunak azaldu duenez, “Gipuzkoako politikaren, ekonomiaren eta gizartearen eragileekin elkarlanean ari gara. Dokumentu bat aurkeztu diegu eta beraien iritziak eta ekarpenak jasotzen ari gara. Uste dugu, Aste Santua eta gero Foru Arau proposamena eginda izango dugula, Garitanoren aginteko Foru Aldundiari krisiari aurre egiteko plana egitea behartuko diogu. Izan ere, une honetan Foru Aldundiak ez du ekonomia-ekimenik”. Halere, Markel Olanoren iritziz, Gipuzkoan ekonomia-sare indartsua, modernizatua eta lehiakorra dugu, nahiz eta Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez duen ezer egiten. Hori bai, ekonomia-sarearen egoera larria da eta laguntza behar du, beraz, onartezina da Bilduk ezer ere ez egitea horiei laguntzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario