15 de marzo de 2013

MARKEL OLANO: “EZKER ABERTZALEA ESPIOITZA POLITIKOAREN ANTZEKO METODOAK ERABILTZEN ARI DA, ARERIOA SUNTSITZEKO”.



Onda Vasca irratian, Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa esan du: “Bildu alderdikeriaz manipulatzen ari da Europako Batasunaren eta Europako herrialde aurreratuenen hondakinei buruzko iritzia”. 



Onda Vasca irratiko Xabier Lapitz kazetariak Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeraile Markel Olano elkarrizketatu du gaur goizean. Olanok, goizean egunkarian Bidegitik kanpoko informatika enpresa batek langileen ordenagailuak ikuskatu  dituela eta datuak kopiatu dituela irakurri ondoren, honakoa esan du: “Kezkagarria da oso ezker abertzaleak enpresa bat kontratatu izana, Bidegiko langileen ordenagailuetan dagoen informazioa ateratzeko”. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, “ezker abertzelea espioitza politikoaren antzeko metodoak erabiltzen ari da, arerioa suntsitzeko. Jarrera hori oso larria da, eta EAJ-PNVk erantzun irmoa emango dio”.

Horren harira, Markel Olanok salatu du ezker abertzalearen helburua ez dela Gipuzkoa kudeatzea. Izan ere, ezker abertzaleari, bakarrik, honakoa axola dio: Arlo guztietan dokumentuak zein fakturak bilatzea erakundeak arlderdikeriaz erabiltzeko. Horrenbestez, Olanok ezker abertzaleari erantzun dio Bidegiren hainbat langileren kontratuen luzapenei buruz: “Gaia 2006koa da. Orduan, hiru ingeniariei kontratua egin zitzaien, profesional maila altua zutelako, eta ez EAJ-PNVrekin zerikusia zutelako. Profesional horien egitekoa honakoa zen: Gipuzkoarentzat garrantzitsuak ziren hainbat azpiegitura egitea”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkide taldearen eledunak hondakinen kudeaketari buruz hitz egin du: “Bildu nahierara manipulatzen ari da Europako Batasunaren eta Europako herrialde aurreratuenen iritzia, errausketa-instalazioa ez egiteko, nahiz eta azpiegitura horrek Batzar Nagusien – eskumena dute – gehiengoaren oniritzia duen”. Hortaz, Markel Olanok esan du, Bilduk ez dituela aintzat hartu nahi Europako Batasunaren gomendioak; izan ere, Europa birzikaltu, konpostatu edota berriro erabili ezin diren hondakinen balorizazio energetikoaren alde dago eta, Bilduk, ordea, zabortegi berriak ireki nahi ditu – Batzar Nagusietan aurkeztutako dokumentuan hala dago jarrita –; eta, hain zuzen ere, Europak ez du hori nahi”. 

Atez ate bilketa sistemaren gainean ere hitz egin du Olanok: “Ezker abertzaleak atez ateko bilketa sistema inposatu nahi du. Horri aurre egiteko EAJ-PNVk bere ekimen politikoarekin aurrera jarraituko du.  Hiritarrak kalera ateratzea lortu dugu eta 75.000 gipuzkoarrek ezker abertzaleari esan diote ez dutela inposiziorik nahi, hau da, ez dutela atez ateko bilketa sistemarik nahi. Hori dela eta, EAJ-PNVk estrategiarekin aurrera jarraituko du eta Foru Aldundiari eskatuko dio bilketa sistema hori ez inposatzeko. Dena dela, jakin badakigu, bilketa sistema erabakitzea udalen esku dagoela eta ezker abertzalea gehiengo absolutua duen udaletan gaia muturrera eramaten ari dela”.

Halaber, Markel Olanok Gipuzkoako proiektu estrategikoak izan ditu hizpide: “EAJ-PNVk arduraz egingo die aurre erronka horiei eta ekonomia-egoerara egokituko ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzak legealdia hasi du 1.200 milioi euro gutxiagorekin eta, horrek, ondorioak izango ditu azpiegituretan; izan ere, krisialdian gizartearen ongizatea, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak lehenetsi behar dira”.

Horrenbestez, Olanok EAJ-PNV eta ezker abertzalearen ereduak alderatu ditu: “Ezker abertzalearen helburua da azpiegitura guztiak gelditzea; EAJ-PNVren ustez, ordea, azpiegiturak ekonomiaren egoerara egokitu behar dira eta, horretarako, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da”.

Azkenik, EAJ-PNVren batzarkide taldearen eledunak krisiari buruz hitz egin du. Markel Olanoren iritziz, 2013ko aurrekontuan krisiari aurre egiteko 7,6 milioi euroko aurrekontu-saila eskasa da. Ildo beretik, Olanok segidakoa gogoratu du: “Iaz oposizioak Bilduri eskatu zion, hitzarmen mahaia egiteko, krisiari aurre egiteko plana egin zedin. Bilduk ez zuen eskaria aintzat hartu eta Martin Garitano diputatu nagusiak berak esan zuen ez zuela krisiari aurre egiteko planik egingo, ez zuelako ezertarako balio. Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk Bilduren aginteko Foru Aldundia krisiari aurre egiteko plana egitera behartzeko ekimena martxan jarri zuen. Une honetan, EAJ-PNVren ordezkariak ekonomia sustatzeko foru araua egiteko prestatutako hasierako dokumentua elkarteekin, gizartearen eta ekonomiaren eragileekin eta sindikatuekin lantzen ari da”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario