13 de junio de 2013

EAJ-PNV-REN USTEZ, BILDUREN AGINTEKO FORU ALDUNDIAK IRITZIA ALDATU DU ETA EZ DIE ZERGA BERRIRIK KOBRATUKO GIPUZKOARREI ERREPIDEAK ERABILTZEAGATIK



Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzalearen iritziz, oso zaila da Bilduk proposatutako sistema martxan jartzea eta, gainera ez dago ziurtatuta sistemaren emaitza ona. Beraz, EAJ-PNVren ustez, Etxegaraten kamioentzako bidesaria jartzea egokiagoa da.


EAJ-PNV batzarkide taldeak iritzia eman du, Bilduren aginteko Foru Aldundiaren bidesarien gaineko proposamenari buruz eta Europako agintariek ezarritako irizpideei buruz. Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzalearen ustez, azpimarragarria da Foru Aldundia iritzia aldatu izana; izan ere, orain, ez die gipuzkoarrei zerga berririk ezarriko errepideak erabiltzeko, nahiz eta 2013ko martxoan Zerga-Politikako departamentuko zuzendariak horrela proposatu zuen Batzar Nagusietan.

Horren harira, Oiarbidek honakoa esan du: “Bilduk uko egin dio gipuzkoar guztiei zerga berria kobratzeari eta, ondorioz, lehengo legealdiko Errepideen Finantzaketarako talde txostengilearen ondorioetatik bat egitetik gertu dago”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak segidakoa iragarri du: “Foru Araua onartzeko prozesua atzeratuko da, hain zuzen, 2014ko udazkena arte. Hau da, hiru urte atzeratu da Etxegarate kamioientzako bidesarien martxan jartzea eta, ondorioz, diru asko galdu da”. 

Halaber, Aintzane Oiarbideren iritziz, krisialdian trafiko kopurua gutxitu da eta horrek ere eragina izan du bidesarien diru-bilketan. Gertakari horrek kudeaketa azkarra eta eraginkorra behar zuen, Bidegiko diru-kutxa ez kaltetzeko. Hau da, Bilduk ez du egoki kudeatu gaia”. Horrenbestez, Oiarbideren aburuz, Bilduren kudeaketarako gaitasun eza agerian gelditu da eta Bidegi kolokan utzi du.

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren hautetsiaren hitzak: “Oso zaila da Bilduk proposatutako sistema martxan jartzea eta, gainera, ez dago ziurtatuta sistema horren emaitza ona.  Beraz, EAJ-PNVren ustez, Etxegaraten kamioentzako bidesaria jartzea egokiagoa da”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario