1 de octubre de 2013

EAJ-PNV-K BILDUREN EKIMEN FALTA SALATU DU ETA, GAINERA, BERE BURUAREKIN OSO ADEITSUA IZATEA EGOTZI DIO.

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren iritziz, Martin Garitano diputatu nagusia bere buruarekin oso adeitsua izan da, oposizioko gainerako alderdiekin oso gogorra izan da eta sinesgarritasunik gabeko eskaintza egin digu, izan ere, ez du bere jarrera aldatu.


Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkuraren lehenengo jardunaldian, Martin Garitano diputatu nagusiaren hitzaldiaren gainean eztabaidatu dute batzarkide taldeek. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok gogor kritikatu du Martin Garitanoren hitzaldia: “Bere buruarekin oso adeitsua izan da eta, era berean, oso gogorra oposizioko gainerako alderdiekin zein Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakundeekin – bai Eusko Jaurlaritzarekin, bai gainerako foru aldundiekin –“. Horren harira, Olanoren iritziz, Bilduren aginteko Foru Aldundiak agerian utzi du benetan aditua dela orain arte egindakoa desegiten. Baina, Bilduk jarrera horrekin lortu duen gauza bakarra da alderdien arteko harremanak kaltetzea, eta orain, zaila izango da harreman horiek berriro izatea.  

Era berean, Markel Olanoren ustez, ekonomian ere Garitano oso adeitsua izan da bere buruarekin: “Ez da Diputatu Nagusiaren ardura Gipuzkoan 8.000 langabetu egotea. Baina, datu hori azpimarratzekoa da, betiere kontuan izanik Martin Garitanok berak esan duela, Europako beste hainbat herrialdek miresten dutela Gipuzkoako egungo ekonomia-eredua. Beraz, egoera zaila pasatzen ari direnengatik – bai enpresengatik, bai langileengatik – Martin Garitanok ezin du bere buruarekin hain adeitsua izan”.  

Hortaz, Olanok Martin Garitanoren iritziarekin bat egin du, alegia, Gipuzkoako ekonomia-egoera hobea dela aldameneko lurraldeekiko; baina Olanok Garitanori gogoratu dio, egoera hobea dela industriak Gipuzkoako ekonomian duen garrantziagatik. Hau da, Gipuzkoaren egoera gainerako euskal lurraldeekiko ez da ustekabekoa, baizik eta urtetako lanaren ondorioz lortutakoa da, hain zuzen ere, urtetan industria indartzeko egindako esfortzuaren ondorioz lortutakoa. Hala ere, egun, Bilduk ez du eredu hori babestu nahi, izan ere, ez du plangintzarik egin nahi krisiari aurre egiteko eta ekonomia sustatzeko.   

Horrenbestez, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak Bilduren kudeaketa eza salatu du: “Gipuzkoako ekonomia-eredu arrakastatsua bertan behera utzi du, izan ere, bere nahia sektore publikoa sustatzea da. Gipuzkoa Aurrera baztertu zuten Gipuzkoa Saretzen izeneko ekimena egiteko, baina gaur Diputatu Nagusiak ez du ezta behin ere ekimen hori aipatu – are gehiago, Gipuzkoa Saretzen ekimenak ez du ez aurrekonturik ez edukirik –. Baina larriena honakoa da: Bilduri ahaztu egiten zaio sektore publikoa soilik Barne Produktu Gordinaren %3,6 dela. Hori dela eta, oso garrantzitsua da krisiari aurre egiteko plangintzak egitea industriari laguntzeko, hain zuzen ere, Gipuzkoako ekonomiaren eragilea den industriari laguntzeko.  Baina Bilduk horrelakorik egiten ez duenez, EAJ-PNVk lanean jarraituko du Ekonomia Sustatzeko Foru Araua egiteko eta, ondorioz, Bilduren aginteko Foru Aldundia behartzeko krisiari aurre egiteko planak egitera”.

Halaber, EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, Martin Garitano diputatu nagusiak oso azalpen gutxi eman ditu errepideen finantzaketari buruz, nahiz eta gaia oso garrantzitsua den: “Baldin eta Bilduren aginteko Foru Aldundiak egindako kudeaketa bertan behera uzteko ahalmena izan badu, hori Errepideen finantzaketaren auzian izan da. Bilduren kudeaketa oso txarra izan da, eta porrot egin du, batez ere, beste plangintza bat adosten saiatu denean. Izan ere, Bildu ez da gai izan adosteko bere proposamena eta adostasunak lortzeko gaitasun eza estaltzeko Bidegi eta Bidelan sozietateak erabili ditu EAJ-PNVren izen ona kaltetzeko”. Horiek horrela, Markel Olanok azpimarratu du, Foru Aldundiak ez duela babesik errepideen finantzaketari buruzko proposamena onartzeko. Gogoan izan, Bilduren errepideak finantzatzeko proposamena denbora luzez atzeratu dela eta, ondorioz, errepideen mantentze-lanak egiteko diru-bilketan galera handiak izan direla. Gainera, hasieratik Bilduk ez du Etxegaraten kamioientzako bidesaririk jarri nahi izan. Are gehiago, erabakia atzeratu du, baina, oraindik, ez du Errepideak Finantzatzeko bere Foru Arau proposamena Batzar Nagusietan aurkeztu, taldeen babesik ez duelako.

Bestalde, Markel Olanok bere hitzaldian hondakinen kudeaketari buruz ere hitz egin du: “Bilduk agintea hartu zuenean, ezker abertzalearen nahia betetzea zuen helburu, hain zuzen ere, errausketa-instalazioa gelditzea, eta horretan ari da. Hondakinak tratatzeko beste aukerei buruz hitz egin du Bilduk, baina ez ditu aukera horiek Batzar Nagusietan erregistratu, izan ere, Bilduk jakin badaki ez duela Batzar Nagusien gehiengoaren babesa. Beraz, Bilduk bere proposamena aurkeztu nahi izan die gainerako taldeei PIGRUG hondakinen plangintzaren garapena izango balitz bezala – gogoan izan, PIGRUG plangintza dela egun indarrean dagoena eta, bertan, zehazten direla hondakinak tratatzeko egin beharreko azpiegiturak, besteak beste, errausketa-instalazioa –, nahiz eta hasieratik Bilduk PIGRUG plangintzaren aurkako iritzia izan duen.  Hau da, Bilduk ez du PIGRUG arautzen duen Foru Araua bete eta ez du beteko zabortegiak 2014ean ixteko hartu zuen konpromisoa, izan ere, Bildu zabortegi berriak irekitzearen alde dago, nahiz eta erabaki hori Europako zuzentarauen iritziaren kontrakoa den”.  

Hori dela eta, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak segidakoa erantzun dio Martin Garitanoren elkarlan eskaintzari: “Martin Garitanok egin digun eskaintza kontraesana da. Izan ere, Bilduren aginteko Foru Aldundiak badu Batzar Nagusien oniritzia PIGRUG plangintzan aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko eta, horien artean, errausketa-instalazioa. Baina aitzitik, ez du azkeneko azpiegitura hori egin nahi eta, ondorioz, ez ditu Batzar Nagusiak aintzat hartzen. Beraz, gaur Martin Garitanok EAJ-PNVri egindako eskaintza ez du sinesgarritasunik, izan ere ez du bere politika egiteko jarrera aldatu eta, ondorioz, Gipuzkoan alderdien arteko liskarra dago. Are gehiago: liskar hori ez da esandako hitzengatik, baizik eta Bilduren jarrera harroagatik – gogoan izan, bi urte horietan informazioa manipulatu duela edota pertsonen kontrako erasoak burutu dituela –. Hau da, Bilduk erakundeak erabili ditu EAJ-PNV kaltetzeko. Baina jarrera horrekin lortu duen gauza bakarra honakoa da: Bilduren aginteko Foru Aldundiaren ahuldadea agerian uztea, izan ere ez da gai izan dagokiona kudeatzeko”. 

Bakea eta normalizazio politikoari buruz, Markel Olanok segidakoa esan du: “Orain dela bi urte ETA-k erabaki zuen armak behin-betiko uztea. Orduan, gure herriak bake prozesu bati ekin zion. Jakin badakigu, bake prozesu batean pausuak ematea oso zaila dela, oztopoak ugariak izaten direlako, esaterako, Espainiako Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren jarrera, atzoko Herrira-ren aurkako operazioarekin. Jarrera horren ondorioz, 10 edo 15 urte egin dugu atzera. Beraz, alderdikeriak alde batera utzi behar dira eta aurrerapausoak egin behar ditugu bakean eta normalizazioan sakontzeko”.

Azkenik, Olanok euskara eta kultura izan ditu mintzagai: “Azpimarratzekoa da euskarazko edukiak egiteko eta hedatzeko egindako esfortzua. Hortxe dago Tabakalera proiektua. Bilduk ez du oraindik proiektua behar den bezala zehaztu eta ez ditu landu euskarazko edukiak. Baldin eta Bilduk proiektua zehazten badu eta euskarazko edukiak sortzen eta hedatzen baditu, EAJ-PNVren babesa izango du. Dena dela, gainera, gizarteak ere aurrerapausoak egin behar ditu euskararen erabileran eta normalizazioan, izan ere, euskararen erabilerari buruzko azkeneko datuak oso kezkagarriak dira”.


No hay comentarios:

Publicar un comentario