Batzarkide
jeltzale Aintzane Oiarbidek adierazi du, EAJ-PNVk zalantza handiak dituela,
izan ere, Foru Aldundiaren eta Bidelanen arteko akordioa errepideetako
mantentze-lanetarako kostua gutxitzen du eta ez du bermatzen errepideen
erabiltzaileen segurtasuna. Eta, hori, oso larria izango litzateke”.
Mugikortasun eta Bide
Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako
Mugikortasun batzordean agertu da gaur goizean, eta bertan, Bidelan eta
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko akordioa azaldu du. EAJ-PNVren batzarkide
Aintzane Oiarbidek Larraitz Ugarteri honakoa eskatu dio: “Batzarkide-taldeak ez
zentsuratzeko eta dokumentuak ikusten uzteko. Izan ere, foru diputatuak
zentsura hori erabiltzen du datuak ezkutatzeko eta manipulatzeko. Eta,
horrenbestez, bere hitzak ez dira sinesgarriak eta agerian uzten du bere
gardentasun falta”.
Horren harira, Oiarbidek
adierazi du, Larraitz Ugartek ez diela Bidelanen eta Gipuzkoako Foru
Aldundiaren arteko akordioa eman ez batzarkide-taldeei ez Bidegi sozietate
publikoko administrazio kontseiluko kideei. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkideak
segidakoa gogorarazi dio: “Politikan edozer gauzak ez du balio. Beraz, Larraitz
Ugarteri eskatzen diogu, gehiago ez manipulatzeko eta talde guztiei akordioa
eta txostenak bidaltzeko, betiere, txosten horiek aztertzeko aukera izateko”.
Era berean, Aintzane
Oiarbidek Foru Aldundiak Bidelanen kontratua kaltegarria izendatzeko prozesuari
buruz hitz egin du eta honakoa salatu du: “Mugikortasun eta Bide
Azpiegituretako foru diputatuak ez du azaldu zertan den Bidelanen kontratua
kaltegarritzat jotzeko prozesua. Dagoeneko ez al da kaltegarria? Zergatik ez du
epaitegietan prozesua amaieraraino eraman? Behin eta berriro eskatu izan diogu
Larraitz Ugarteri kontratua kaltegarritzat jotzeko zuzenbide-txostena emateko,
baina ez digu kasurik egin eta, ondorioz, bere jarrera ez da gardena izan.
Gainera, Larraitz Ugartek berak esan du Bidelanek kontratua kaltegarria dela
onartu duela, baina ez du zehaztu Bidelanekin lortutako akordioan onarpen hori
agertzen den ala ez – gogoan izan, gainera, batzarkide-taldeek ezin izan dugula
txosten hori irakurri, izan ere, foru diputatuak ez digu eman –“.
Aintzane Oiaribidek,
halaber, segidakoa salatu du: “Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru
diputatuak azaldu dituen diru-kontuak ez ditugu ulertzen. Larraitz Ugartek esan
du Gipuzkoako Foru Aldundiak 46,7 milioi euro fakturatuko dituela eta hori
Bidelanek fakturatzen duena baino kopuru handiagoa da. Zer esan nahi du horrek,
Bidelan dirua galtzen ari dela? Nork sinistuko du enpresa batek lanean jardungo
duela irabazirik lortu gabe?”. Hortaz, Oiarbidek Larraitz Ugarteri eskatu dio,
akordioaren arabera azaltzeko non gutxitzen den Bidelanen gastua. Baldin eta
Larraitz Ugartek langile kopurua edo mantentze-lanetarako gastua gutxituko
balitu, jarrera arduragabea izango luke. Eta, horrenbestez, EAJ-PNVk zalantza
handiak ditu errepideen erabiltzaileen sergurtasunari buruz, izan ere
erabiltzaileen segurtasuna ez bermatzea oso larria izango litzateke”.
Azkenik, EAJ-PNVren
batzarkideak Larraitz Ugarteri eskatu dio, gezurrak esateari uzteko bere
kudeaketak porrot egin duela ezkutatzeko eta, era berean, batzarkide taldeei
zentsurarik gabe bidaltzeko akordioari buruzko txostenak eta dokumentuak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario