17 de febrero de 2014

EAJ-PNV-REN USTEZ, HERRI-DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEILUAN LORTUTAKO AKORDIOAK OINARRI IZAN BEHAR DU ETORKIZUNEKO DESOREKAK KONPONTZEKO



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok azpimarratu du, alderdi guztien malgutasunari esker akordioa lortu zela eta hori dela bidea.



Martin Garitano diputatu nagusiak eta Helena Franco Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietako Araudiko batzordean parte hartu dute gaur goizean. Bertan, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan lortutako akordioa azaldu dute, hain zuzen ere, diru-sarreren banaketari buruz lortutako akordioa. Horren harira, EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Akordioak herriaren interesak babesten ditu eta Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoaren babesa du”.

Ildo beretik, Olanok segidakoa azpimarratu du: “Azkeneko urteetan desorekak egon izan dira Lurralde Historiko bakoitzak Eusko Jaurlaritzari egin behar dion ekarpenean. Eta, hain zuzen ere, akordioak oinarri izan behar du etorkizuneko desorekak konpontzeko”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak eskertu ditu, bai Eusko Jaurlaritzaren ekarpena, bai hiru foru aldundien ekarpena, herriarentzat ona izango den akordioa lortzeko. Izan ere, malgutasun faltak kalte egiten zion bai Gipuzkoari, baita gainerako lurraldeei ere, bakoitzak irakurketa alderdikoia egiten duelako. Eta, hain zuzen ere, irakurketa alderdikoi hori kaltegarria da euskal herritarrentzat.

Markel Olanok, halaber, honakoa esan du: “Balantzeen eguneratzean ez dira hainbat gauza kontuan hartu, edo ez dira aztertu nahi izan, betiere, diru-sarreren banaketa egokia izan den jakiteko: Gipuzkoak eta Arabak ez dituzte aurreikuspenak bete eta Bizkaiak, aldiz, aurreikuspenak baino diru-sarrera gehiago izan ditu. Eta, horrek, ondorioak izango ditu hurrengo urteetan. Izan ere, Bizkaiak diru gutxiago bilduko du Sozietateen gaineko Zergarekin eta, aldiz, Gipuzkoak eta Arabak aurreikusitakoa baino gehiago bilduko dute”.

Azkenik, hona hemen Olanoren hitzak: “Argi gelditu da politikan oreka mantendu behar dela eta demagogia eta alderdikeria baztertu behar direla, betiere, akordioak lortzeko herriak aurrera egin dezan”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario