22 de octubre de 2014

EAJ-PNV-K AZPIMARRATU DU GAURTIK AURRERA FORU GOBERNUA BEHARTUA DAGOELA EKONOMIA SUSTATZEKO PLANGINTZA EGITERA



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak esan du, Bilduren aginteko Foru Aldundiak ezingo duela aldez aurretik pentsatu gabeko erabaki gehiago hartu.



EAJ-PNV batzarkide taldeak proposatutako Foru Arauak, hain zuzen ere, Ekonomia Sustatzeko Foru Arauak, azken onarpena jaso du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Horrenbestez, Bilduren aginteko foru gobernua behartuta egongo da Gipuzkoan ekonomia sustatzeko plangintzak egitera. Behin Foru Araua onartuta, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Foru Arauari esker Bilduren aginteko Foru Aldundiak ezingo du aldez aurretik pentsatu gabeko erabaki gehiago hartu”.

Horren harira, Olanok azpimarratu du, gaurtik aurrera foru gobernuak ekonomia sustatzeko plangintza egin eta onartu beharko duela Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta, horretarako, gai bakarreko osoko bilkura egin beharko dela, eta, beti, aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta onartu baino lehen.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramailea pozik dago Ekonomia Sustatzeko Foru Araua onartu delako eta honakoa esan du:”Foru arauak gauzak asko aldatuko ditu, izan ere Foru Aldundiari esango dio nola egin behar dituen Gipuzkoako ekonomia sustatzeko planak”.

Hortaz, Markel Olanok foru arauaren bi artikulu azpimarratu ditu: “19. eta 20. artikuluek dute garrantzia. Izan ere, lehenak ezartzen du Foru Aldundiak hurrengo urteko ekonomia sustatzeko plana egin behar duela abenduaren 15a baino lehen; eta bigarrenak dio ekonomia sustatzeko plana Batzar Nagusietan eztabaidatu eta onartu beharko dela eta, beti, aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta onartu baino lehen”.

Olanok, halaber, segidakoa gogorarazi du: “Legealdiaren hasieratik EAJ-PNVk eskatu du krisiari aurre egiteko eta ekonomia sustatzeko plangintzak egiteko, hain zuzen ere, legealdi osorako plangintzak. Baina aitzitik, Bilduren aginteko foru gobernuak behin eta berriro ezetz esan du eta, ondorioz, Gipuzkoako enpresak ez dute Foru Aldundiaren babesa jaso eta oso bakarrik sentitu dira. Eta hori onartezina da. Hori dela eta, behin ikusita Batzar Nagusietan aukera guztiak agortu genituela, foru araua egitera behartuta ikusi genuen gure burua, hain zuzen ere, Bildu Gipuzkoan ekonomia sustatzeko plangintzak egitera behartzeko foru araua. Eta, horretarako, Gipuzkoako gizartearen, politikaren eta ekonomiaren hainbat eragilerekin elkarlanean aritu gara”.

Gainera, EAJ-PNVren batzarkideak Bilduri leporatu dio, gipuzkoarrak kaltetu izana, izan ere, behin eta berriro uko egin dio krisiari aurre egiteko plangintzak egiteari: “Eta Bilduren jarrera horren ondorioz, aurrekontuak negoziatzeko prozesua beti berdina izan da: Bilduk aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartu ditu eta ez du plangintzarik egin, eta, beraz, oposizioak konpondu behar izan ditu Bilduren hutsune horiek eta, horretarako, hainbat aurrekontu-sail egin ditu. Hortaz, Bilduren ezetza eta aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak izan dira EAJ-PNVren arrazoiak Ekonomia Sustatzeko Foru Araua egiteko, hain zuzen ere, gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu den Foru Araua”.

Azkenik, Markel Olanok Martin Garitano diputatu nagusiari honakoa eskatu dio: “lehenik, errespetatzeko eta betetzeko onartutako foru araua; bigarrenik, ez saiatzeko eztabaida besteratzen; hirugarrenik, bere gain ez hartzeko oposizioak egindako ekimenak zein plangintzak; eta laugarrenik, ez leporatzeko egoeraren ardura Eusko Jaurlaritzari, izan ere Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko eskumenak ditu”. Hortaz, Olanoren ustez, agerian gelditu da Gipuzkoan bi eredu daudela: alde batetik, EAJ-PNVren eredua, hain zuzen ere, industriaren aldeko eredua; eta bestetik, Bilduren eredua, Gipuzkoako ekonomiatik eta industriatik urrun dagoena eta, ondorioz, Bilduk ez du gaitasunik Gipuzkoan ekonomia suspertzeko liderra izateko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario