12 de septiembre de 2011

EAJ-PNVK ESKATU DU IRUNGO ADUANAREN BERREIREKIERA ARRATSALDETAN ETA LARUNBATETAN.

Bidasoako batzarkide Eider Mendozak ebazpen-proposamena aurkeztu du, aduanako bezeroen arreta zerbitzuaren aurreko ordutegia ezarri dadin.

Aduanetako, garraioteko eta politikako ordezkariak aserré dira Zerga Administrazioko Agentziak Irungo Aduana arratsaldetan eta larunbatetan itxita mantenduko duelako. EAJ-PNV batzarkide taldeak ebazpen-proposamena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, non Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eskatzen dioten, aurtengo uztailaren 31 arte zegoen ordutegia berriro ezarri dadin; hots, arratsaldeetan eta larunbat goizetan zabal dezan.

Bidasoako EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak aurkeztu du proposamena, eta honakoa nabarmendu du: “Erabakia hanka sartze galanta da; izan ere, soilik kaltea sortzen du”. Mendozak azaldu duenez, “arratsaldetan eta larunbat goizetan aduaneko ohiko tramiteak kentzea atzerapena eta kamioien geldiera baino ez du sortzen”. Ildo beretik, Eider Mendozak ondorengoa gaineratu du: “Itxiera mantentzearekin batera, enpresen kostuak nabarmen igotzen dira, eta, orobat, merkantziak arratsaldeetan irekita dauden beste aduanetara ari dira desbideratzen”.

Era berean, Eider Mendozak azpimarratu duenez, “lehiakorrak izateko eta lanpostuak sortzeko inoiz baino esfortzu handiagoa egin behar denean, Irungo langile zein enpresei, eta, ondorioz, bailarako ekonomiari, hainbesteko kaltea sortzen duen erabakia ezin dugu onartu”.

Honenbestez, Bidasoako batzarkideak aurkeztutako proposamena berretsi du, eta segidakoa goraipatu du: “Azkeneko urte honetan, nahiz eta krisia pairatu, Irungo Aduanan tramitatu diren esportazioak %3 igo dira; inportazien igoera, berebat, %20koa izan da. Hori guztia Irun lehiakorra eta nazioarteko trafikoan erreferente izatea lortu duten operadoreei esker izan da; eta, gainera, lanpostu berriak sortu dira”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario