29 de noviembre de 2011

EAJ-PNV BILDUREKIN KRISIAREN KONTRAKO PLANARI BURUZ HITZ EGITEKO PREST

Markel Olano batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, “PSE-EEk koherentzia galdu du; izan ere, ez du aurkeztu krisiaren aurkako planari eta errauskailuari buruzko zuzenketarik”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta Ogasun eta Finantza batzordeko jeltzaleen eledun Itziar Agirrek prentsaurrekoa egin dute. Bertan, aurkeztutako osoko zuzenketa, eta erretiratzeko jarritako baldintzak azaldu dituzte. Ildo beretik, Markel Olanok honakoa azpimarratu du: “Gipuzkoako ekonomia-egoera larria da, eta badakigu zeintzuk diren beharrak. Hori dela eta, aldundiarekin ados jartzeko prest gaude aurrekontua onartzeko”.

Dena den, Olanoren aburuz, “osoko zuzenketa bertan behera uzteko bi baldintza ditugu, hain zuzen, honakoak: krisiaren aurkako plana eta errauskailuari buruzko azalpena”. Honenbestez, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak segidakoa esan du: “Foru Aldundiak argi utzi behar du, lurraldeko enpresak lagunduko dituen ala ez. Gure iritziz, krisiaren aurkako plana beharrezkoa da; alabaina, enpresetan berrikuntzaren eta inbertsioak egitearen aldeko apustua egin behar dugu, gure enpresek kalitatezko lana sortu ahal izateko, eta, horrenbestez, krisia gainditzeko”.

Zubietako errauste-plantari buruz, Markel Olanok azaldu duenez, “aldundiak 18 milioi euro 2012tik 2015era pasa ditu azalpenik eman gabe. Hala, honakoa argitzeko eskatzen diogu: Zertarako atzeratu du diru-lerro hori, errauskailua atzeratzeko ala aurreikusitako finantza-planteamendua aldatzeko? Arrazoia azkenekoa bada, uler genezake; baina, ez dugu onartuko eraikitze plangintza gelditzerik”.

Amaitzeko, EAJ-PNV batzarkide taldeko eledunaren ustez, “harrigarria da PSE-EEren jarrera; alta, ez du aurkeztu krisiaren aurkako planari eta errauskailuari buruzko zuzenketarik. Ez dute orain arteko jarrera mantendu, batez ere, hondakinen kudeaketaren arazoa konpontzeko azpiegitura bultzatzeko orduan”.

Bestalde, Ogasun eta Finantza batzordean jeltzaleen bozeramaile Itziar Agirrek osoko zuzenketaren arrazoiak azaldu ditu, eta honakoa adierazi du: “Aurrekontuak zer duen eta zer izan behar duen hausnartu dugu”.

Honenbestez, jeltzaleen bozeramailearen ustez aurrekontuak honako gabeziak ditu: “Ez du krisiari aurre egiteko neurririk; lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak gelditzen ditu; ez du lurraldearen eskumenetan inbertsioak egiteko gaitasunik; ez ditu konpontzen lurraldearen desorekak; kultura arloko diru-lerroak nabarmen murrizten ditu, eta, horren aurrean, Tabakalera eta Artelekuri buruz hartutako erabakiak errespetatu behar dira; ez du diru-lerrorik aurreikusten egoitzetako itxaron zerrendei aurre egiteko, ezta ere Irun eta Elgoibarko egoitzen eraikuntzarako; ez ditu nahikoa diru-lerro aurkezten Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekiko betebeharrentzako; eta, azkenik, ez ditu aurreikusten zerga politikaren aldaketatik eratorritako diru-sarrerak”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario