5 de junio de 2012

EAJ-PNV-REN IRITZIZ ALDUNDIAREN HONDAKINEN PLANGINTZAREN AURKEZPENA IRUZURRA IZAN DA.


Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzalearn ustez, “Foru Aldundiak agerian utzi du Batzar Nagusien gehienaren erabakia ez duela errespetatuko”.



Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondakinen Planaren aurkezpenean polemika izan da nagusi. Batzar Nagusietan hainbat aditu agertu dira, bere iritziak azaltzeko eta taldeen galderei erantzuteko. EAJ-PNVren hautetsi Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Aldundiak kale egin du. Hots, aurkezpena porrot handia izan da eta, gainera, herritarrei iruzur egin diete”.

Era berean, jeltzaleak segidakoa azpimarratu du: “Uste genuen Foru Aldundiak hondakinen eztabaida ganbera honetara ekarriko zuela, izan ere, plangintza arloan eskumena du. Baina, Juan Carlos Alduntzin foru diputatuaren hitzak entzun eta gero, agerian utzi du Batzar Nagusien gehiengo demokratikoaren borondatea ez duela errespetatuko”.

Alduntzinek berak esan du aurkeztutako planak egungo foru arauaren aldaketa ez duela behar. Xabier Ezeizabarrenaren aburuz, “herritarroi adarra jotzen ari zaigu; hau da, estrategia aldaketari buruz hitz egiten du, egungo hondakinen plangintza aldatu nahi du, baina ez du nahi Batzar Nagusiek eztabaidatzea ez bozkatzea, nahiz eta horien eskumena den”.  

Halaber, Ezeizabarrenak zabortegiak izan ditu hizpide: “Foru Aldundiak eufemismoak erabili ditu zabortegia hitza ekiditeko, besteak beste: hondakin egonkortuen fardelen depositatze kontrolatua, espazio degradatuak leheneratu eta berreskuratzeko. Hots, zabortegi berriak irekitzeari buruz ari dira eta, beraz, zero zabor politika gezur hutsa da eta Bilduren apustua agerian uzten du: zabortegi batzuk itxi beste batzuk zabaltzeko”. Ildo beretik, jeltzaleak honakoa galdetu du: “Zer gertatuko da ireki nahi dituzten zabortegiak betetzen direnean? Gaur Bilduk proposatu diguna aurrera begirako ihesa da”.

Azkenik, EAJ-PNVren batzarkideak Foru Aldundiari eskatu dio, “dokumentua Batzar Nagusietara ekartzeko, bertan eztabaidatzeko nahiz bozkatzeko, eta gehiengoak erabakitzen duena errespetatzeko”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario