8 de diciembre de 2012

EAJ-PNV-K EZ DU OSOKO ZUZENKETARIK AURKEZTUKO, HERRIEAREKIKO JARRERA KOHERENTEA ETA ARDURATSUA IZAN NAHI DUELAKO



EAJ-PNVren GBBren presidente Joseba Egibarren ustez, “koherenteak izan dugu. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen ondoren beste alderdi politikoei honako proposamena egin genien: hiru lurraldeetan aurrekontuak ez oztopatzea”.

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “91 zuzenketa egin ditugu. Guztira 24milioi euroko zuzenketak dira eta, besteak beste, hiru alorretan egin ditugu: krisiari aurre egiteko neurriak, gizarte politikak hobetzeko neurriak, eta hondakinen kudekaterako neurriak”. 



Joseba Egibarrek eta Markel Olanok prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, segidakoa iragarri dute: EAJ-PNVk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuari. EAJ-PNVren GBBren presidente Joseba Egibarrek oso argi hitz egin du: “Gipuzkoan ez dugu osoko zuzenketarik aurkeztuko koherenteak garelako, alegia, EAEko hauteskundeen ondoren beste alderdi politikoi egindako proposamenarekin”.

Ildo beretik, Joseba Egibarrek honakoa gogoratu du: “Bi akordio-proposamen egin genizkien beste alderdi politikoei: alde batetik, EAEko hiru lurraldeetako aurrekontuak ez oztopatzeko proposamena eta, bestetik, zerga-ituna egiteko proposamena”.

Horrenbestez, Egibarrek azpimarratu duenez, “aurrekontu guztiak hobetu zein zuzendu daitezke eta, hortaz, EAJ-PNVren jarrera segidakoa izango da: zatikako zuzenketak egitea eta aurrekontuaren kudeatzailearekin negotziatzea, betiere baldin eta negoziatzeko borondaterik erakusten badu”.

Bestalde, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren iritziz, “hainbat ekonomia- zein gizarte-arrazoi ditugu osoko zuzenketa aurkezteko. Baina aitzitik, herri ikuspegi arduratsua izan dugu eta, beraz, zatikako zuzenketak aurkezteko erabakia hartu dugu aurrekontua hobetzeko”. Horrenbestez, Olanok aditzera eman du EAJ-PNVren proposamena: “91 zatikako zuzenketa egin ditugu – guztira 24 milioi eurokoak –, batez ere, hiru arlotan: krisiari aurre egitekoak, gizarte politikarako aurrekontu-saila hobetzekoak, eta hondakinen kudeaketarako arlokoak.

Krisiari aurre egiteko neurriei buruz, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunak honakoa zehaztu du: “Foru Aldundiak Berrikuntza departamentuko aurrekontua %24 murriztu du eta, horrek, asko arduratzen gaitu. Horregatik eskatu dugu krisiari aurre egiteko 10 milioi euroko aurrekontu-saila egiteko eta, gainera, sail hori 2014 eta 2015ean mantentzeko”. 
Gizarte politika departamentuko zuzenketen gainean, hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Egoitzetan plaza gehiago nahi ditugu gure adinekoentzat nahiz mendekotasuna duten pertsonentzat, bai eguneko-zentroetan bai etxeko laguntza zerbitzuan”. Horren harira, Olanok Irungo Arbes egoitza izan du hizpide: “Bidasoa eskualdeak egoitza hori behar du, baina Foru Aldundiaren aurrekontuan ez dago horretarako aurrekontu-sailik”.

Hondakinen Kudeaketaz ere mintzatu da Gipuzkoako Batzar Nagusietako jeltzaleen bozeramaileak: “Zatitako zuzenketa egin dugu Gipuzkoan hondakinen tratamendurako beharrezkoak diren azpiegiturak egiteko eta, bereziki, balorizazio energetikorako errausketa-instalazioa eraikitzeko”. Horrenbestez, Markel Olanok esan du, “zuzenketa horrekin irudikatu nahi dugu Batzar Nagusien gehiengoak Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Orokorra (PIGRUG) babesten duela”. 

Azkenik, Olanoren aburuz, “aurtengo egoera bestelakoa da. Iaz Bilduren aginteko Foru Aldundiarekin ados jarri ginen. Aurten, ordea, zatikako zuzenketak gobernuarekin zein oposizioko taldeekin negoziatzeko aukera dugu, betiere Gipuzkoak 2013an aurrekontua izan dezan”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario