27 de diciembre de 2012

EAJ-PNV-K GAINONTZEKO ALDERDI POLITIKOEI ESKATU DIE ARDURATSUAK IZATEKO ERAKUNDE GUZTIEK AURREKONTUAK IZAN DITZATEN



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “EAJ-PNVk koherentea izaten jarraituko du eta oposizio-lanari tinko eusten jarraituko dio”.



Bildu batzarkide taldearen aldeko bozekin onartua izan da 2013ko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua. EAJ-PNV eta PSE abstenitu dira eta PPk aurka bozkatu du. Markel Olano jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, “Foru Aldundiak aurrekontua onartua izatea lortu du bakarrik bere batzarkide taldearen aldeko bozekin eta, hori, azpimarratzekoa dela uste dugu”. Olanoren iritziz, “2013ko aurrekontuak hiru hutsune nabarmen ditu: 1) Ez du krisiari aurre egiteko estrategiarik; 2) Gizarte politikak kaltetuak izan dira; eta 3) Hondakinen kudeaketa”.

Ildo beretik, EAJ-PNVren eledunak bere taldearen abstentzioa arrazoitu du: “Gure ustez, aurrekontua izatea oso garrantzitsua da herriaren zein lurraldearen egoera larriari aurre egiteko. EAJ-PNV koherentea izan da – ez du osoko zuzenketarik proposatu eta, ondorioz, aurrekontuen onarpen prozesua baldintzatu du – eta, beraz, gainontzeko alderdi politikoei eskatu die arduratsuak izateko erakundeetako aurrekontuak bermatzeko”.

Era berean, Markel Olanoren iritziz, “onartezina da aurrekontua krisiari aurre egiteko estrategiarik ez izatea” eta honakoa iragarri du: “EAJ-PNVk badu bere estrategia eta ekonomia sustatzeko foru araua egiteko prozesuarekin jarraituko du. Dagoeneko oinarrizko proposamena du eta urtarrilean erakutsiko die ekonomia- zein gizarte-ordezkariei, euren ekarpenak jasotzeko”.

Halaber, Olanok Foru Aldundiak Gizarte Politiken departamentuan 5,2 milioi euro gutxitu izana azpimarratu du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiak atzerapausoa egin du gizarte politikan. Ondorioz, herritarrek behar dituzten hainbat zerbitzu bertan behera geldituko dira eta, besteak beste, itxaro-zerrendak gutxitzeko inbertsioak urriagoak izango dira. Hau da, 2013ko aurrekontuak Gizarte Zerbitzuak kaltetzen ditu”.

Hondakinen kudeaketaz ere mintzatu da EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailea: “Errausketa-instalazioa egiteko aurrekontu saila onartua izan da, nahiz eta Bilduren aginteko Foru Aldundiak horren aurkako ahaleginak egin dituen. Beraz, gaurtik aurrera gobernuak baditu bi foru arau betetzeko: lehena, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketerako Plangintza Orokorra (PIGRUG) arautzen duena eta, bigarrena, 2013ko aurrekontua”.

Horrenbestez, Markel Olanok Foru Aldundiari segiakoa egotzi dio: “Hondakinen kudeaketan demokraziaren iruzurrik handiena egin du. Ez du Batzar Nagusien borondatea kontuan izan eta atez ateko bilketa sistema imposatu nahi izan du. Hau da, hondakinen kudeaketan atzerapausoa egin du”. Hori dela eta, Olanoren aburuz, “errausketa-instalazioa egiteko aurrekontu saila aurrerapausoa da, herritarren eta Batzar Nagusien borondatea aintzat hartzeko”.

Azkenik, hona hemen jeltzaleen eledunaren hitzak: “EAJ-PNVk koherentea izaten jarraituko du eta oposizio-lanari tinko eusten jarraituko dio. Egoerak oso larria izaten jarraitzen du eta, horri aurre egiteko, erakundeek aurrekontuak izatea ezinbestekoa da. Ondorioz, alderdi guztiek jarrera arduratsua izan behar dute”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario