4 de diciembre de 2012

MARKEL OLANO: “ABERASTASUNAREN GAINEKO ZERGA EZ DA AURRERAKOIA, ATZERAKOIA BAIZIK”.



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa esan du: “Bilduk eta PSE-k eraso egin diote enpresen produkzio-ondareari; izan ere, zergak berriarentzat enpresa baten egoitza eta makinak ondasun pertsonalak dira”.

Itziar Agirre EAJ-PNVren batzarkidearen iritziz, “zerga berri honek kalte egiten die Gipuzkoako enpresa txiki zein ertainei, deskapitalizazioa sortuko duelako eta, ondorioz, inbertitzeari utziko diotelako”.
EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta Itziar Agirre batzarkide jeltzaleak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, kritikatu dute Bildu eta PSE alderdien arteko adostasuna Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga egiteko. Markel Olanoren ustez, “Gipuzkoako ekonomia- eta gizarte-eredua erasotu dute”.



Ildo beretik, Olanok zehaztu du, Gipuzkoako enpresen %80 enpresa txiki edo ertainak direla. Are gehiago: horietako asko familiarrak dira eta Gipuzkoako enpleguaren %85 hartzen dute bere gain”. Horrenbestez, EAJ-PNVren bozeramaileak honakoa esan du: “Enpresek bermatzen dute gizarte ongizatea; beraz, haien alde egitea enplegua eta gizarte politikak babestea da. Eta hori da gure eredua, hain zuzen, Bilduk eta PSEk eraso dutena, nahiz eta Gipuzkoan ondo funtzionatu egiten duen”.

Hortaz, Markel Olanok segidakoa azpimarratu du: “Bildu eta PSE alderdien ustez Aberastasunen eta Fortuna Handien gaineko Zerga aurrerakoia da – ez da, ordea, zerga berria, izan ere, Ondareen gaineko Zergaren aldaketa da –; aitzitik, gure ustez, atzerakoia da, lurraldearen lehiakortasunari kalte egiten diolako”.   

Olanok, halaber, azaldu duenez, “enpresen produkzio-ondarea erasotu dute eta ez, ordea, enpresa-gizon/emakumearen yatea; izan ere, zerga berriaren arabera enpresaren egoitza nahiz makinak ondasun pertsonalak dira. Hau da, enpresaren jabe diren sendi horiek enpresaren akzioak saldu beharko dituzte Gipuzkoatik kanpo eta, ondorioz, erabakitzeko ahalmena galduko dute eta langileen etorkizuna arriskuan jarriko dute”.

Era berean, jeltzaleen eledunaren aburuz, “atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bilduk eta PSEk onartutako zergak ondorio zuzena du bai enpleguan, bai kontratazioan, bai inbertsioak egiteko orduan, bai enpresen hazkundean. Beraz, lurraldearen ekonomiari eraso zuzena da”. Horren harira, Markel Olanok bi arduradun aipatu ditu: “Bildu eta PSE. Bilduren jarrerak ez digu harridurarik sortzen, Gipuzkoako ekonomia- eta gizarte-errealitatetik oso urrun dagoelako. PSEren jarrera, aldiz, oso larria da – Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen ondoren noraezean dago –, gaur arte enpresei babesa emateari uztiko baitio”.

Horregatik guztiagatik, Markel Olanok PSEri eta, zehatz mehatz Patxi Lopezi, eskatu dio “egoera konpontzeko eta Gipuzkoako enpresak kaltetzeari uzteko. Badago denbora oraindik egoera konpontzeko, hain zuzen, abenduaren 12a arte”. 

Bestalde, Itziar Agirre batzarkide jeltzaleak Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga beste EAEko lurraldeekin bateratua ez izatearen ondorioak aipatu ditu: “Arazoak sortuko dizkie enpresa berriak ireki nahi dituzten gipuzkoarrei, produkzio-jarduera zergapetuko zaielako ondasun pertsonala balitz bezala”. Agirreren iritziz, “zerga horrek Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainak erasotzen ditu, izan ere, deskapitalizatzen ditu eta, ondorioz, enpresek inbertsioak egiteari utziko diote”.

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren hautetsiaren hitzak: “30 zuzenketa baino gehiago egin dizkiogu Foru Arau proposamenari. Gure asmoa honakoa zen: zerga aurrerakoia egitea, enpresen jarduerari kalte egin gabe; izan ere gure lurraldearen ekonomiaren eragileak dira. Gainera, Patxi Lopezen aginteko Eusko Jaurlaritzak gure proposamenaren alde zegoen, beraz, hark azaldu beharko du zer dela eta bere alderdiak Gipuzkoan iritzia aldatu duen”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario