Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak
iragarri du, EAJ-PNVk ekimena egingo duela erakundeen arteko elkarlana
bultzatzeko eta, horrenbestez, etxe kaleratzeen arazoari aurre egiteko.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide taldeek etxe
kaleratzeen arazoari buruz eztabaidatu dute, gaur goizean, eta honakoa adostu
dute: etxe kaleratzeak jasaten ari direntzako laguntza psikologikoa eta
juridikoa ematea.
Horren harira, Eider Mendoza batzarkide jeltzalearen
iritziz, laguntza psikologikoa eta juridikoa oso garrantzitsua eta beharrezkoa
da. Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkide taldea pozik dago gai honen gainean
alderdi guztiak ados jarri direlako. Hala ere, batzarkide jeltzalearen aburuz,
etxe kaleratzeen arazoa laguntza psikologikotik eta juridikotik harago doa.
Hori dela eta, EAJ-PNVk proposamena egin du plangintza berezia egin dadin etxe
kaleratzeei aurre egiteko, baina Bilduk, PSEk eta Aralarrek ez dute kontuan
hartu. Ondorioz, Mendozak honakoa esan du: “Aukera paregabea galdu dugu etxe
kaleratzeen arazoa behar den bezala konpontzeko”.
Era berean, Eider Mendozak iragarri du, EAJ-PNV
batzarkide taldeak ekimena proposatuko duela, erakunde publikoek eta
finantza-erakundeek laguntza protokoloa egin dezaten, etxetik kaleratuak
izateko arriskuan dauden herritarrak denboraz ezagutzeko eta egoerari aurre
egiteko neurriak lehenbailehen hartzeko.
Halaber, Eider Mendoza jeltzaleak Gipuzkoako Foru
Aldundiari eskatu dio, aldundiaren esku dauden etxeak, mailegua ez
ordaintzeagatik – langabezian gelditu direlako edota diru-sarrerak gutxitu
zaizkielako – kaleratuak izan diren herritarren zerbitzura jartzeko, beste
erakunde batzuek egin duten bezala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario