31 de mayo de 2013

EAJ-PNV-REN USTEZ, ETSIGARRIA DA POBREZIARI ETA BAZTERTZEARI BURUZKO FORU ALDUNDIAREN PROPOSAMENA



Eider Mendoza batzarkide jeltzalearen iritziz, Foru Aldundiaren proposamena ez da zehatza, eta plangintza nahiz ekonomia-aurreikuspen falta du.



Gipuzkoako Batzar Nagusietako Pobreziari buruzko talde txostengileak lanak amaitu ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Pobreziari eta Baztertzeari buruzko proposamena egin du. EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozaren ustez, etsigarria da Foru Aldundiaren proposamena, izan ere, ez da zehatza eta plangintza nahiz kostua zehaztea falta zaio.

Ildo beretik, Eider Mendozak honakoa esan du: “Pobrezia eta gizarte-baztertzea dira, egun, politika publikoen lehentasuna. Baina, tamalez, talde txostengilea amaitu eta gero, Gizarte Politikako foru diputatuak zehaztapenik gabeko konpromisoak hartu ditu eta, beraz, konpromiso horiek ez dira sinesgarriak”. 

Era berean, Mendozak Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu dio, plangintza zehazteko eta, bertan, argi azaltzeko, besteak beste, zenbat plaza berri egingo dituen zahar-egoitzetan eta eguneko zentroetan, eta egingo dituen kontratazioak; betiere, data eta aurrekontua zehaztuta uztailaren 7a baino lehen – izan ere, Foru Aldundiak egun hori arte izango du plangintza aurkezteko –. Eider Mendoza jeltzalearen ustez, baldin eta Foru Aldundiak konpromisoak zehazten baditu, konpromiso horiek sinesgarriak izango dira.   

Halaber, EAJ-PNVren batzarkidea kezkatuta dago, Foru Aldundiak plangintzaren kostua zehaztu ez duelako; izan ere, Bilduk 2013ko Gizarte Politika departamentuko aurrekontua 5,2 milioi euro murriztu du. Bertan, besteak beste, Sarbideak programa edo Gureakeko lantegi-babestuak daude, eta Bilduk konpromiso horiek bertan behera utzi ditu.    

Azkenik, Eider Mendozak segidakoa azpimarratu du: “Baldin eta Foru Aldundiak ez badu plangintza zehatzik egiten, konpromiso horiek guztiak bertan behera geldituko dira. Hori dela eta, EAJ-PNVren ustez, pobreziari eta baztertzeari aurre egiteko proposamen zehatzak egin behar dira”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario