26 de julio de 2013

MARKEL OLANO: “BILDUK SAIHESTU EGITEN DU GIPUZKOAK EKONOMIA-, GIZARTE- ETA ENPRESA-EGITURA SENDOA DUELA, HAIN ZUZEN ERE, ZAINDU BEHAR DUGUN EGITURA”.



EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak salatu du, Bilduk Gipuzkoako gizartearen hausnarketa beltza egiten du; izan ere, ezkutuko interesak eta oligarkiak aipatzen ditu, baina aitzitik, Gipuzkoako ekonomiaren motorea enpresa txikiak eta ertainak dira. 



EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano Onda Vascako Egun on Euskadi irratsaioan izan da gaur goizean eta, bertan, Gipuzkoako egoera errepasatu du. Olanoren irtziz, Bilduk Gipuzkoako gizartearen hausnarketa beltza egiten du; izan ere, ezkutuko interesak eta oligarkiak aipatzen ditu, baina aitzizik, Gipuzkoako ekonomiaren motorea enpresa txikiak eta ertainak dira – gogoan izan, enpresa txikiek eta ertainek enpleguaren %85 sortzen dutela –. Beraz, Gipuzkoa krisialdian dago – baita Euskal Herriko gainerako lurraldeak eta Europar Batasuna ere – eta, horren aurrean, Bilduren aginteko Foru Aldundia ez da ezer egiten ari eta, hori, oso larria da.   

Ildo beretik, EAJ-PNVren bozeramailearen ustez, Bildu ez da ezer egiten ari eta, horrek liskarra baino ez du sortzen arlo guztietan. Horren harira, Markel Olanok honakoa gogoratu du: “Gipuzkoak gizarte dinamikoa du eta, ondorioz, krisiari hobeto aurre egin dio, inguruko lurraldeek baino. Horrek agerian uzten du, Bilduk saihestu egiten duela Gipuzkoak ekonomia-, gizarte- eta enpresa-egitura sendoa duela, hain zuzen ere, zaindu behar dugun egitura”.

Era berean, Olanok salatu du, Bilduren aginteko foru gobernua Gipuzkoa desorekatzen ari dela, eta zaharren egoitzetako gatazka jarri du adibide bezala: “Bilduk hirugarren sektorearen aurka egin du, hain zuzen ere, Gipuzkoan gizarte politiken kudeaketa egin duen hirugarren sektorearen aurka – gogoan izan hirugarren sektore hori irabazi asmorik gabeko erakundeek osatzen dutela gehienbat –. Eta gainera,  erakunde horiek ikusi dute Foru Aldundia ez dela neutrala izan gatazka horretan. 

Horrenbestez, EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunak segidakoa esan du: “Bilduk bere jarrera zuzendu behar du. Ondo dago kudeaketa falta kritikatzea, baina egin behar duguna honakoa da: Bilduren aginteko Foru Aldundia behartu behar dugu, egungo egoeraren araberako politikak egitera – eta horretarako, hain zuzen ere, Ekonomia Sustatzeko Foru Araua proposatu du EAJ-PNVk –“. Markel Olanoren iritziz, istiluak Gipuzkoako herri guztietan areagotu dira, eta horren erantzule ezker abertzalea da; izan ere, muturreko jarrera hartu du eta hainbat herritar beldurtzeko ekintzak egin ditu eta, ondorioz, Gipuzkoan tentsio handia dago.   

Errausketa-instalazioaren gelditzeari buruz

Bestalde, jeltzaleen bozeramaileak errausketa-instalazioaren gelditzea eta Bildu eta PP alderdiek Iñaki Errazkin Ingurumeneko foru diputatuaren agerraldi-eskaera atzera bota izana izan ditu mintzagai: “Ulertezina da Bildu – gardentasuna beti aipatzen ari denean – eta PP alderdiek Iñaki Errazkinen agerraldia atzera bota izana. Izan ere, errausketa-instalazioaren eraikuntza betiko gelditzeko erabakia oso larria da gipuzkoarrontzat. Batzar Nagusietan azalpenik eman nahi ez izateak agerian uzten du Bilduren ezkutuko kudeaketa Gipuzkoan”. 

Olanok, halaber, segidakoa gogoratu du: “Zubietan aurreikusitako azpiegituren eraikuntza – besteak beste, errausketa-instalazioa – hasita zegoen eta legea betetzen zuen. Baina aitzitik, Bilduk guztia gelditzeko erabaki politikoa hartu du eta, horrek, ekonomia eta kudeaketa ondorioak ditu. Erabaki horren erantzule bakarra Bildu da, hain zuzen ere, gizartearen gehiengoaren eta Batzar Nagusien gehiengoaren aurka egin duen Bildu. Izan ere, hartu dituen erabakiak justizia- eta ekonomia-ondorioak izango dituzte.”.

Ingurumeneko foru diputatuak alderdi guztiekin egingo dituen bilerei buruz, Markel Olanok honakoa adierazi du: “Bilduk argi du errausketa-instalazioa ez dela egingo, eta hori onartezina da, izan ere gizartearen gehiengoarekin duen gatazka politiko eta demokratikoa areagotzen du. Beraz, nahiz eta Bilduk eskua luzatzen digu, ez du asmorik jarrera aldatzeko. Hori dela eta, bilerara joango gara, baina ez dugu itxaropenik, izan ere, Bilduk argi du ez duela gehiengoaren nahia errespetatuko eta bere eredua inposatzen jarraituko du”.

Azkenik, lehengo Foru Aldundiaren kudeatzaileen aurkako Bilduren salaketen gainean, EAJ-PNVren bozeramaileak segidakoa esan du: “EAJ-PNVk errausketa-instalazioaren proiektua martxan jarri zuen erabateko segurtasun juridikoarekin eta ekonomia- zein teknika-txostenen oniritziarekin; izan ere, operazioa oso garrantzitsua zen eta jakin bagenekien erabaki guztiak ondo aztertuko zituztela. Horregatik, Bilduk, orain, lehengo kudeatzaileei errua egotzi beharrean, honakoa egin behar du: errausketa-instalazioa gelditzeko erabakiaren ondorioak onartu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario