18 de octubre de 2013

EAJ-PNV-REN USTEZ, EGUNETIK EGUNERA FROGATU DA LARRAITZ UGARTEREN AURREIKUSPENEN ETA PLANGINTZEN PORROTA



Jeltzaleen batzarkide taldeak Mugikortasun eta Bide Azpiegitueretako foru diputatuari eskatu dio, lehenbailehen Batzar Nagusietan agertzeko eta, bertan, azaltzeko 25 euroko tarifa bereziaren aurreikuspenetan izandako desorekaren arrazoiak.



EAJ-PNVren batzarkide Aintzane Oiarbidek gaur esan du, egunetik egunera frogatzen dela Larraitz Ugarteren porrota, hain zuzen, aurreikuspenen eta plangintzen porrota. Horren harira, Oiarbidek honakoa azaldu du: “25 euroko tarifa bereziari buruz galdetu genion aspaldi Larraitz Ugarteri eta segidakoa erantzun digu: bidesarien 25 euroko tarifa bereziaren kostua aurreikusitakoa baino handiagoa izaten ari da. Beraz, gure kezka handitu da – 2012ko azaroaren 13an azaldu genuen gaiari buruzko kezka, hain zuzen ere, 25 euroko tarifa berezia aho batez onartu zen egunean –, izan ere Larraitz Ugarteren aurreikuspenek huts egin dute”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak zehaztu du, EAJ-PNVk tarifa bereziaren alde egin zuela, baina, halaber, Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari eskatu ziola beherapenen programaren kostua justifikatzeko, izan ere jeltzaleek arduratuta zeuden neurriak Bidegiren ekonomia-orekari eragingo ote zion.

Hortaz, Oiarbidek honakoa azaldu du: “Larraitz Ugartek esan zigun tarifa bereziaren kostua 1.200.000 eurokoa izango zela, baina lehenengo sei hilabeteetan kopuru hori gainditua izan da (1.361.272,09 euros) eta, horrenbestez, urtearen amaieran kostuak 5.000.000 euroak gainditu ditzake. Beraz, beste behin ere, agerian gelditu da Larraitz Ugarteren porrota, hain zuzen ere, aurreikuspenen eta plangintzen porrota”. Gainera, jeltzaleen batzarkideak argitu du, behin baino gehiagotan jeltzaleek Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari eskatu diotela ekonomia- eta trafiko-aurreikuspenen gaineko txosten teknikoa, baina ez dutela jaso.

Halaber, EAJ-PNVren batzarkideak Larraitz Ugarteri leporatu dio, kudeatzeko aurre-iritziak erabili izana, aldez aurretik pentsatu gabeko kudeaketa egin izana eta zorroztasunik ez izatea: “Bilduk Foru Aldundiaren agintea hartu zuenetik Bidegiren gaineko kontakizuna asmatu du ereduen arteko liskarra bilatzeko eta EAJ-PNVri kudeaketa txarra leporatzeko. Are gehiago, Larraitz Ugarte kontakizun hori egiten hasi zen Bidegi zer zen jakin baino lehen”. 

Oiarbidek, era berean, segidakoa salatu du: “Larraitz Ugarte aldez aurretik pentsatu gabeko eta zorroztasunik gabeko kudeaketa egiten ari da eta, kudeaketa horren ondorioz, Bidegiko diru-kutxan 100 milioi euro gutxiago sartuko dira. Gainera, kudeaketa txar horrek eragina izan dezake Bidegi sozietate publikoaren kaudimenean eta orekan – gogoan izan Bidegi errepideen kudeaketaz eta mantentze-lanaz arduratzen dela – eta, Larraitz Ugarte da horren erantzule bakarra”.

Azkenik, Oiarbidek honakoa azpimarratu du: “Urtetan Bidegin egindako lanari esker, egun, Gipuzkoak errepide-sistema oso aurreratua du. Inbertsio horiek egiteko 800 milioi euroko mailegua eskatu zen – orain 900 milioi eurokoa da, izan ere Bilduk 100 milioi eskatu behar izan ditu Antzuola eta Bergara arteko errepidea egiteko –. Horiek horrela, ez dugu ahaztu behar Bidegi sozietate kaudimenduna dela, 100 milioi euroko diru-sarrerak dituela, eta 100 milioi euro horietatik 60 edo 65 milioi euro maileguei aurre egiteko direla”.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVren hautetsiak Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari eskatu dio, Batzar Nagusietan agertzeko eta azaltzeko, zergatik kudeatzen duen aldez aurretik pentsatu gabeko plangintzarik gabe, izan ere, 25 euroko tarifa berezian bere aurreikuspen faltak desoreka sortu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario