Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel
Olanok gogorarazi du, oraindik, egoera oso larria dela eta, beraz,
zerga-erreforma da Foru Aldundiarentzako tresnarik egokiena ekonomiaren
garapena sustatzeko eta, ondorioz, krisiari aurre egiteko.
Gipuzkoako
Batzar Nagusiek EAJ-PNV, PSE eta PP alderdien zerga-erreforma onartu dute gaur
goizeko osoko bilkuran. Hiru alderdiek erreformaren alde egin dute eta Bilduk
eta Aralarrek, ordea, kontra. EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaile
Markel Olanoren ustez, zerga-erreforma krisiari aurre egiteko tresna oso egokia
da. Horren harira, Olanok honakoa azaldu du: “Euskadin zergak bateratzea lortu
dugu eta hori oso garrantzitsua da. Are gehiago: zergak bateratu ditugu baina
lurralde bakoitzak bere berezitasunak mantenduko ditu. Hori dela eta, alde
batetik, enpresen lehiakortasuna bermatuko da eta, bestetik, zergak bateratuak
ez izateak eragingo dituen arazo politikoak ekidin egingo dira”.
Era
berean, Olanoren ustez, zergen bateratzea ekarpen oso garrantzitsua da eta
Euskal Autonomia Erkidegoan babes politiko handi du. Eta, babes handi horren
ondorioz, zerga-sistemak gizarte- eta ekonomia-arloak egonkortzen ditu. Horiek
horrela, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak segidakoa azpimarratu
du: “Gainera, zerga-erreforma errealitatera egokitzen da: egun, egoerak oso
larria izaten jarraitzen du eta, beraz, zerga-erreforma da Foru
Aldundiarentzako tresnarik egokiena ekonomiaren garapena sustatzeko eta,
ondorioz, krisiari aurre egiteko”.
Halaber,
Markel Olanok kenkarien garrantzia azpimarratu du: “Zerga-erreforman kenkariak
erabiltzen dira lehiakortasuna indartzeko eta bermatzeko. Besteak beste
segidako kenkariak aurreikusten dira: makina berriak erosteko, ingurumena
babesteko, Ikerketa+Garapena+Berrikuntza arloan inbertsioak egiteko, enplegua
sustatzeko eta mantentzeko, kapitalizazioa indartzeko eta enpresa txiki berrien
sorrera bultzatzeko. Arlo horietan guztietan daude kenkariak. Beraz, ekarpen
garrantzitsua egin diogu bai enpleguari, bai enpresei”.
Azkenik,
Olanok salatu du, Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Helena Francoren
jarrera: “Zerga-erreformaren irakurketa apokaliptikoa eta faltsua egin du. Izan
ere, bere asmoa bakarrik dirua biltzea da. Eta dirua biltzeko etsairik
nagusienak bi dira: krisia eta langabezia, hain zuzen ere, zerga-erreformarekin
indartu nahi diren arloak. Eta irakurketa hori egiteko, Helena Francoren hitzak
oso larriak izan dira, izan ere, jarrera alderdikoia izan du eta, ondorioz,
Ogasun eta Finantzetako departamentuaren ospea kaltetu du”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario