13 de febrero de 2014

EAJ-PNV-REN USTEZ, POZTEKOA DA HERRI DIRUBIDEEN EUSKAL KONTSEILUAN LORTUTAKO AKORDIOA



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok Eusko Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak zoriondu ditu, izan ere akordioak Euskadiren interesak lehenetsi ditu.



EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Eusko Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak zoriondu ditu, izan ere, lau erakundeek akordioa lortu dute Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan diru-sarreren banaketari buruz. Olanoren iritziz, akordioak desadostasuna konpontzen du eta Euskadiren interesak lehenesten ditu.

Era berean, jeltzaleen bozeramaileak honakoa gogorarazi du: “Behin balantzeen eguneratzeari buruz desadostasuna sortuta, EAJ-PNVk segidakoa eskatu zuen: erakundeen arteko akordio politikoa egiteko, betiere, egungo eredua mantenduz”. Horren harira, Markel Olanok esan du, lurralde bakoitzak bere interesak babesten zituela eta, horren ondorioz, arriskua zegoela erakundeen arteko liskarra egoteko. Hori dela eta, Olanoren ustez, lortutako akordioak honakoa agerian uzten du: “baldin eta guztiok borondatea eta jarrera eraikitzailea badugu, sor daitezkeen arazo guztiei aurre egin diezaiekegu”.

Olanok, halaber, Eusko Jaurlaritzaren jarrera azpimarratu du balantzeei buruzko auzia konpontzeko: “Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ereduaren arabera ez zegokion diru-kopuru handia jarri du akordioa lortzeko eta, ondorioz, Gipuzkoak jaurlaritzatik zuzenean 7,8 milioi euro jasoko ditu, betiere, egungo eredua errespetatuz”.

Azkenik, EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak hiru aldundiei ere eskertu die malguak izan izanak, izan ere, ondorioz, Euskadiren interesentzako akordio ona lortu da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario