16 de mayo de 2014

EAJ-PNV-K IÑAKI ERRAZKIN FORU DIPUTATUARI ESKATU DIO, INGURUGIRO-LEGEDIA BETETZEKO, GARDENA IZATEKO ETA DATUAK EZ FALTSUTZEKO.



Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak esan du, errausketa-instalazioa ez eraikitzeagatik ordaindutako kalte-ordainak egun arazoa direla eta etorkizuna baldintzatzen dutela.



Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren arduradunek eta Ogasun eta Finantzetako departamentuaren arduradunek parte hartu dute gaur goizean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren bilakaera finantzarioari eta irtenbide teknikoei buruzko azterketa-batzordean. Behin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinen hitzak entzunda, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa eskatu dio: “Batzar Nagusiak eta azterketa-batzordea errespetatzeko, eta batzordearen lana ez oztopatzeko, izan ere agerian utziko du Bilduren kudeaketa kaxkarra Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan (GHK)”.

Ildo beretik, Ezeizabarrenak foru diputatuari leporatu dio, ekitaldi politikoa egin izana batzordean, izan ere, ez du azterketa-batzordeari buruz hitz egin. Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak Iñaki Errazkini eskatu dio, dokumentazioa behar den bezala emateko. Bi hilabete eta erdi eman ditu eskatutako dokumetazioa bidaltzeko eta batzordea egin baino egun bat lehenago banatu die batzarkide taldeei. Ondorioz, taldeek ez dute denborarik izan informazioa aztertzeko. Gainera, lan hori guztia ez du batzordean kontuan hartu eta batzordearekin zer ikusia ez duten gaiei buruzko hitzaldi politikoa egin du.

Era berean, Xabier Ezeizabarrenak errausketa-instaalazioaren eraikuntza gelditzeari eta enpresa-eraikitzaileei ordaindu beharreko kalte-ordainei buruz hitz egin du: “Errausketa-instalazioa ez eraikitzeagatik ordaindutako kalte-ordainak egun arazo bihurtu dira eta etorkizuna baldintzatzen dute. Horrek agerian uzten du Bilduren ekonomia-kudeaketa ere kaxkarra izan dela. Gainera, foru diputatuak informazioa nahita ezkutatu du eta horri buruzko espedienterik ez dagoela esan zuen duela hilabete Batzar Nagusietan. Beraz, horrek argi erakusten du Bilduren aginteko foru gobernuak Batzar Nagusiei errespetua galdu diela”.

Xabier Ezeizabarrenak, halaber, honakoa salatu du: “Foru diputatuak dokumentazioan hondakinen gaineko araudia aipatzen du, ez ordea ingurumeneko legedia. Beraz, Errazkinek ingurumeneko baimen bateratua luzatzea eskatu duela entzuteak harritzen gaitu, izan ere, orain arte Foru Aldundiak babestu du baimen hori okerra zela”. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkideak Iñaki Errazkini eskatu dio, ingurugiro-legedia betetzeko, gardena izateko eta datuak ez faltsutzeko.

Azkenik, Ezeizabarrenak Bilduren parte-hartze kontzeptua kritikatu du: “Foru Aldundiaren Hondakinen Aholku Batzordean parte hartu dut, hain zuzen ere, Bilduren erabakiak justifikatzeko sortutako batzordean. Hilebeteak dira batzordearen berri izan gabe: ez deialdirik, ez informaziorik, ez ezer. Beraz, Iñaki Errazkin foru diputatuari eskatu nahi diogu, parte-hartzeari eta gardena izateari buruz ez hitz egiteko, izan ere, oraindik foru diputatuak berak ez ditu zehaztu, besteak beste, non kokatuko duen egonkortutako hondakin fardelak jasotzeko biltegia, eta Bergarako Epele auzoko konposta egiteko instalazioa eraikitzeko egutegia”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario