4 de junio de 2014

MARKEL OLANO: “EUSKADI NAZIO BAT DA, BERE ETORKIZUNA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA DU ETA ESKUBIDE HORI UKATZEAK DEMOKRAZIARI KALTE EGITEN DIO”.



EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak gogoratu du EAJ-PNVk urteetan – hain zuzen ere, Agirre lehendakariaren garaitik – babestu duela erabakitzeko eskubidea.



Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeek erabakitzeko eskubideari buruz eztabaidatu dute gaurko osoko bilkuran. EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan du, erabakitzeko eskubidea oso gai garrantzitsua dela gure herriaren demokrazian, izan ere, azken urteotako politikako gai garrantzitsuena izan da eta etorkizunean ere euskal politikaren ardatza izango da. Horren harira, Olanok honakoa gogorarazi du: “Euskadi nazio bat da, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidea duen nazioa. Eta eskubide hori ukatzeak demokraziari eta herriaren oinarrizko eskubideei kalte egiten die”.

Era berean, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak gogorarazi du, EAJ-PNVko kideek urteetan babestu dutela erabakitzeko eskubidea: “Agirre lehendakariaren garaian euskal herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea babestu genuen. 1990.urtean, hain zuzen ere, ezker abertzaleak beste lehentasun batzuk zituenenean, Eusko Legebiltzarrean autodeterminazio eskubideari buruzko adierazpena onartu genuen. Eta, 2004ean, Ibarretxe lehendakariak beste saiakera bat egin zuen euskal herriaren erabakitzeko eskubidea ordenamendu juridiko eta politikoan sartzeko”.

Markel Olanok, halaber, honakoa azpimarratu du: “Herri baten onarpenari buruz ari gara hitz egiten, hain zuzen ere, Euskal Herriaren onarpenari buruz. Eta herri hori aitortzen den heinean, herri horren erabakitzeko eskubidea onartzen da. Gainera, harik eta printzipio hori garatzen dugunean, herri honek aurrera egingo du demokrazian, koordinazioan eta inguruko herriekin zein gure herriaren barruan dugun kohesioan”. Hortaz, Olanok gaineratu du, herri barruko kohesioa ere oso garrantzitsua dela, izan ere, erabakitzeko eskubideak lagunduko du demokrazian aurrera egiten eta elkarbitzitza hobetzen. 

Gainera, EAJ-PNVren bozeramaileak segidakoa esan du: “Erabakitzeko eskubideak iritzi politiko ezberdinetako herritarrak batzeko gaitasuna du, abertzaleak izan ala ez izan”. Hori dela eta, Markel Olanok gainerako alderdi politikoei eskatu die, elkarlanean aritzeko: “Horretarako, alderdikeriak baztertu behar ditugu. Tamalez, ezker abertzalea ez dago elkarlanerako prest, baizik eta beste estrategia bat du: EAJ-PNV kaltetzea. Eta estrategia horrek helburu bakarra du: EAJ-PNV ahultzea hurrengo hauteskundeak irabazteko. Beraz, ezker abertzaleak jarrera alderdikoia du eta herritarren interesak baztertu ditu. Eta hori, onartezina da”.

Azkenik, Markel Olanok igande honetako Gure esku dago ekimenaren giza-kateari buruz hitz egin du: “Parte hartuko dut, harro eta ilusio handiz. Eta, hain zuzen ere, Ataungo San Gregorio auzoan parte hartuko dut. Uste dut giza katearen helburua oinarrizkoa dela: herritarren parte-hartzea sustatzea erabakitzeko eskubidearen aldarria lortzeko. Izan ere, alderdi politikoek eta erakundeek ez dute bakarrik erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar, baizik eta herritarrek ere aldarrikapenari eutsi behar diote. Baldin eta euskal herritarrek protagonismoa hartzen badute, demokrazian aurrera egingo dugu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario