29 de agosto de 2011

EAJ-PNVK FORU DIPUTATU GUZTIEN AGERRALDIA ESKATU DU, GOBERNATZEKO DUTEN PROGRAMA AZAL DEZATEN.

Jeltzaleen batzarkide taldeak arlo guztietako 88 ekimen aurkeztu ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gipuzkoako Foru Aldundira gobernu berria sartu zenetik 100 egun beteko direnean, EAJ-PNVren batzarkide taldeak foru diputatu guztien agerraldia eskatu du, departamentu guztietako ildo nagusienak zeintzuk izango diren azal ditzaten. Jeltzaleen batzarkide taldeko bozeramaile Markel Olanok azaldu duenez, egun Garitano jaunaren gobernu programa ez da ezagutzen, eta ondorengoa gaineratu du: “Agerraldi eskaerarekin Gipuzkoako gizarteak dituen erronka nagusienak nola kudeatuko dituzten jakin nahi dugu”.

Olanok nabarmendu duenez, egun ez Diputatu Nagusiak ezta departamentu ezberdinetako foru diputatuek ere, ez dute haien asmoak zehazten dituen dokumenturik aurkeztu, eta segidakoa esan du: “Beharrezkoa ikusten dugu jakitea Gipuzkoako Foru Aldundi berriaren asmoak, lehentasunak eta ildoak zeintzuk izango diren”.

Honenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren batzarkide taldeak uda igaro ondoren departamentu guztien inguruko 88 ekimen aurkeztu ditu. Beraz, jeltzaleek gobernuak industrialdeen defentsarako duen plangintza ekonomikoa, industriari laguntzeko, eta lanpostu berriak sortzeko hartuko dituen neurriak ezagutu nahi du. Gainera, aurkeztutako ekimenekin, EAJ-PNVk Gipuzkoa Aurrera bultzatzeko gobernuak duen plangintzagatik galdetuko du.

Gizarte politikaren arloan, jeltzaleen batzarkide taldeak Etxean-Ondo programari emango zaizkion diru-laguntzei eta aurrekontuari buruzko informazioa eskatu du; baita ere, Gizarte Politika departamentuak mendekotasuna duten pertsonen eta zaharren egoitzetako pertsonen beharretarako itxaron zerrenda murrizteko burutuko dituen ekintzei buruz.

Ogasun politikaren inguruan, EAJ-PNVk gobernu foralari dei egin dio, gastu arrunta gutxitzeko dituen proposamenak azal ditzan. Ildo berean, hurrengo ekitaldirako aurrekontuaren zirriborroan gobernu foralak egingo dituen murrizketak zehatz ditzan eskatu du.

Mugikortasunaren arloan, Diputatu Nagusiak esandakoak entzun ondoren, EAJ-PNVren batzarkide taldeak errepide sarearen kudeaketa nola egingo duen jakin nahi du, eta, era berean, Lurraldebus sistemaren behar berriei aurre egiteko nolako formulak erabiliko dituen galdetu du.

Halaber, jeltzaleek beste hainbat ekimen aurkeztu ditu honako arloetan: Herritarren partaidetza; baketa eta normalizazio politikoa; kultura; kirolak, edota 1.000 biztanle baino gutxiago duten herrietarako inbertsioen finantziazioa.

Amaitzeko, EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaile Markel Olanok honakoa adierazi du: “Inbestidurako osoko bilkuran esan genuen bezala, EAJ-PNV gobernu foralaren eginkizuna goitik behera begiratuko du uneoro, eta oposizio arduratsua eta konstruktiboa egingo du, ekimen berriak planteatuz; izan ere, ez dugu onartuko Gipuzkoarako estrategikoak diren proiektuen defentsan egindako ibilibidean atzerapausorik”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario