21 de septiembre de 2011

MARKEL OLANO: “GAURKOAN BATZAR NAGUSIETAN ALDERDI POLITIKOEN LEGEAREN EHORZKETA POLITIKOA IRUDIKATU DA”.

Markel Olano hizlarien tribunan
EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramailearen ustez, “albiste pozgarria da PPk eta PSOEk, proposamenak aurrera ateratzeko betoek ez dutela balio konturatu izana, nahiz eta hauteskundeak eta gero Bildu baztertzen saiatu izan”.

EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi duenez, “gaur bakea eta normalizazio politikoaren ikuspegitik aurrerapauso garrantzitsua irudikatu da”. Markel Olanoren iritziz, “gaurkoan Batzar Nagusietan alderdi politikoen legearen ehorzketa politikoa irudikatu da; izan ere, PSOEk Bildurekin zerga politikaren hainbat aldaketa onartuko ditu, eta, horrez gain, PP Bildu eta Aralarrekin ados jarri da, Etxegarateko bidesaria kentzeko eta foru araua aldatzeko”.

Olanok azaldu duenez, “diskurtsoei erreparatzen badiegu, bakoitak jarrera tinkoa izaten jarraitzen du; aitzitik baina, praktikan, guztion artean akordioak lortzeko gai izatea albistea pozgarria da. Honenbestez, gertatzen ari den gauza bakarra honakoa da: alderdi politikoen legearen ehorzketa politikoaren aurrean gaude, hauteskundeen ondoren PP eta PSOE Bildu baztertzen saiatu ziren arren; beraz, fronteen politika desagertzen ari da, eta, era berean, aro berri bati hasiera ematen ari zaio. Ildo beretik, Markel Olanok ondorengoa nabarmendu du: “Alderdi sozialista eta alderdi popularra eguneroko gaiak aurrera eramateko beste alderdiekin hitz egin eta adostu behar dela konturatu dira; ondorioz, betoek ez dute balio”.

Berebat, EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak bere taldeko jarrera azaldu du eta segidakoa esan du: “ETAri exijitzen diogu armak eta bortizkeria behin betiko utzi ditzala, eta gizarteak duen aldarrikapena entzun dezala”. Halaber, Markel Olanoren aburuz, “ezinbestekoa da biktima guztiei begirunea adieraztea, bai ETAk eragindako biktimei, bai motibazio politikoaren biktimei ere”. Hortaz, Olanok nabarmendu duenez, “ezin dugu biktimen arteko ezberdinketarik egin. Biktima guztien plangintza integrala egin behar dugu; alabaina, ez badugu egiten biktimen zati bat baztertu egiten dugula dirudi”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario