27 de marzo de 2012

EAJ-PNV-REN USTEZ, PSE-K ETA BILDUK EZ DUTE TABAKALERA LEHENESTEN.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeamailearen iritziz, “fundamentu falta handia dago eta, ondorioz, kudeaketa kaxkarra. Horrek asko kezkatzen gaitu”.

Markel Olano EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak, Eneko Goia Donostiako Udaleko EAJ-PNVren bozeramaileak, eta Garbiñe Mendizabal EAJ-PNVren legebiltzarkideak prentsaurrekoa egin dute Tabakalera aurrean eta, bertan, jeltzaleen kezka azaldu dute, proiektuaren inguruan dagoen fundamentu faltagatik. Ildo beretik, Markel Olanok honakoa esan du: “Egitasmoa kudeatu behar dutenek ez dute Tabakalera lehenesten. Are gehiago: proiektu honek guztion babesa behar du, beraz, guztion artean ados jartzeko garaia da”.

Era berean, Olanok ohartarazi duenez, “2011.urtean Espainiako Gobernuak EAJ-PNVrekin aurrekontua adostu zuen eta, ondorioz, 7 milioi euroko konpromisoa hartu zuen Zapatero presidente zenean; baina aitzitik, egun, Ogasun Ministerioari kontuak eskatu dizkiogu eta ez dago Tabakalera proiektuarentzat diru-sailik. Hau da, 7 milioi euro horiek galdu dira kudeaketa kaxkarraren ondorioz”. Honenbestez, jeltzaleen bozeramaileak segidakoa azaldu du: “Aurreko Tabakalerako kudeatzaileek behin eta berriro Zapateroren gobernuarekin harremanetan jarri ziren aipatutako dirua kobratzeko. Baina PSEk ez du bere konpromisoa bete”.

Halaber, Olanoren aburuz, “egitasmorako diru horrek merezi du Garitano diputatu nagusiaren zuzeneko kudeaketa. Kontrako jarrera hartzea Tabakalera proiektua berriro zalantzan jartzea izango da”. Hori dela eta, Markel Olanok honakoa iragarri du: “Ekimenak aurkeztuko ditugu Batzar Nagusietan, Donostiako Udalean eta Eusko Legebiltzarrean Espainiako Gobernuaren konpromiso faltagatik galdutako aipatutako aurrekontu-saila berreskuratzeko”.

Bestalde, Donostiako Udalean EAJ-PNVren bozeramaile Eneko Goiak gogoratu duenez, “Bilduk Donostiako udal gobernua osatu zuenean proiektua zalantzan jarri zuen eta, ondorioz, beste batzuek ere, alderdi sozialistak alegia, atzera egin dute”. Hortaz, Goiak segidakoa salatu du: “PSEk ez du Tabakalera babesten eta, gainera, egitasmoa ahuldu nahi du, izan ere Donostia 2016aren barruan sartu nahi du”.

Azkenik, hona hemen Donostiako EAJ-PNVren eledunaren hitzak: “Donostiako zein Gipuzkoako ordezkariei eta alderdi politikoei eskatzen diegu Tabakaleraren alde egiteko. Proiektu horren alde egin behar dugu, izan ere hiriarentzat zein lurraldearentzat kultura sustatzeko aukera paregabea da”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario