7 de marzo de 2012

MARKEL OLANO: “EUSKARAREN ARLOAN EZ DUGU ONARTUKO EZ UTZIKERIARIK EZ INPOSIZIORIK”.

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, “euskaldunok utzikeriari elkarlanarekin aurre egin behar diogu”.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden ekimen euskaltzaleak babestuko dituzte. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan duenez, “euskararen arloan badago liskarrean erortzeko arriskurik eta, horri, ihes egin behar diogu”. Ildo beretik, Olanoren iritziz, euskararen ikuspegitik bi mutur daude, hain zuzen, honakoak: “Lehena, euskararen inposizio nahia da. Gure herrian hizkuntza bakarraren inposizioa egon da eta hori, garapenaren kontrako filosofia eta praxia da. Eta bigarrena, utzikeria da; hain zuzen, hizkuntzaren galbidea dakarren jarrera”. Honenbestez, EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunaren aburuz, “bi mutur horiei aurre egiteko ekintza positiboak egin behar dira, hau da, gure herrian dagoen hizkuntza sustatzeko ekimen jarraiak egotea nahi dugu”.

Era berean, Markel Olanok segidakoa gogoratu du: “Nafarroan, bereziki gune ez euskalduna delakoan, eta Iparraldean garatutako herri ekimenetan betidanik egon gara inplikatuak; izan ere, bertako gobernuek ez dute euskara zein euskararen irakaskuntza laguntzen. Horrek euskararen eta ikastolaren mugimenduari kalte egiten dio eta, hortaz, EAJ-PNVren Eusko Jaurlaritzak Nafarroako zein Iparraldeko ikastolei diru-laguntzak eman zizkien. Horiei esker azpiegitura egokiak eta sendoak dituzte”.

Horregatik guztiagatik, Olanok azpimarratu duenez, “euskararen arloan ez dugu onartuko ez utzikeriarik ez imposiziorik, ezta liskarrik ere”, eta segidakoa gaineratu du: “Gipuzkoako Foru Aldundiaren zenbait erabaki ez zaizkigu gustatu; esaterako, informazio eta komunikazio teknologietan euskarazko edukien sustapena %41 jaitsi dute. Hori utzikeria da eta, ondorioz, euskara umezurtz utzi dute”.

Azkenik, hona hemen jeltzaleen eledunaren hitzak: “Utzikeriak gutxiengoari egiten dio eraso. Horri aurre egiteko euskaldunon arteko elkarlana ezinbestekoa da”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario