15 de febrero de 2013

EAJ-PNV-K BABESTUKO DITU BEHAR GEHIEN DUTEN PERTSONENTZAKO INBERTSIOAK ETA LANBIDE GUNEAK EKONOMIA SUSTATZEKO PLANEAN



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Gureak-en egon da eta honakoa esan du: “Ekonomia sustatzeko edozein planak inbertsioak egin behar ditu behar gehien duten pertsonentzako lanbide guneetan. Hori dela eta, lurraldeko enpresekin hitzarmenak bultzatuko ditugu eta, berebat, ebazpen proposamenak egingo ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiak horren harira ekimenak egiteko”. 



Markel Olano, Eider Mendoza eta Maite Peña jeltzaleak Gureak-en egon dira gaur goizean. Bertan, Gureakeko arduradunei krisiari aurre egiteko foru araua proposatzeko oinarrizko dokumentua aurkeztu diete, eta horien iritziak zein ekarpenak jaso dituzte.

Hona hemen, bileraren ondoren, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren hitzak: “Krisialdian ezin dugu inor baztertu eta, are gutxiago, behar gehien dituzten pertsonak”.

Ildo beretik, Olanok azpimarratu du, ekonomia-sustatzeko edozein plangintzak inbertsioak egin behar dituela behar gehien duten pertsonentzeko lanbide guneetan. Hori dela eta, Olanok segidakoa esan du: “Gipuzkoako enpresekin hitzarmenak bultzatuko ditugu eta, orobat, ebazpen proposamenak egingo ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiak horren harira ekimenak egiteko”. Horrenbestez, jeltzaleen bozeramaileak iragarri du, EAJ-PNVk babestuko dituela behar gehien duten pertsonentzako inbertsioak eta lanbide guneak ekonomia sustatzeko planean.

Era berean, Markel Olanoren aburuz, “behar gehien dituztenentzako lanbide guneak babestu behar ditugu eta, horretarako, ezinbestekoa da aurreikusitako proiektu berriak egitea”. Hori dela eta, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunak zin egin du, aurreikusitako inbertsioak egingo dituela eta, horretarako, beharrezkoak diren ebazpen proposamenak egingo dituela Gizarte Politikako batzordean eta bultzatuko dituela behar diren hitzarmen guztiak”. 

Olanok, halaber, gogoratu du, Bilduk ez duela krisiaren aurkako planik egin nahi eta, beraz, jeltzaleek erabaki dutela Ekonomia Sustatzeko Foru Araua egitea, Foru Aldundia krisiari aurre egiteko plana egitera behartzeko. Gainera, EAJ-PNVren bozeramailearen ustez, EAJ-PNVk proposatutako foru araua da oposizio eraginkorra eta konstruktiboaren adibide garbia eta, gainera, Gipuzkoako gizarte- zein ekonomia-etorkizuna  bideratzeko balioko du.

Azkenik, EAJ-PNV batzarkide taldearen eleduna kezkatua dago, Bilduk ez duelako Gipuzkoa gidatzeko gaitasunik, eta segidakoa esan du: “Ezinbestekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko ekimenak egitea, Gipuzkoako enpresak nahiz langileak babesteko. Gure ustez, Foru Aldundiak egoera larriari aurre egiteko eginahalak egin behar ditu. Baina aitzitik, Foru Aldundiak ez du, oraingoz, ezer egin”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario