10 de mayo de 2013

EAJ-PNV-K BILDURI EGOTZI DIO GIPUZKOAKO GIZARTE-ARRETA ZERBITZUA SUNTSITU IZANA



Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodriguezi gogoratu dio, Foru Aldundiari dagokiola tarifa egokia ezartzea eta patronal aeta sindikatuen artean bitarteko izatea ados jar daitezen; baina aitzitik, negoziazioa zapuztu nahi izan du eta proposamen arduragabea egin du. 



EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak eta EAJ-PNVren GBBren Gizarte Politikako arduradun Maite Peñak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, Bilduren aginteko Foru Aldundiari eta, bereziki, Ander Rodriguez Gizarte Politikako foru diputatuari egotzi diote, Gipuzkoako gizarte-arreta zerbitzua suntsitu izana.

Era berean, Eider Mendozaren ustez, Foru Aldundiari dagokio tarifa egokia ezartzea, patronala eta sindikatuen arteko negoziazioan bitartekari izatea adostasuna lor dezaten. Baina aitzitik, Gizarte Politikako foru diputatuak jarrera arduragabea izan du, ez du akordiorik lortu, proposamen onartezina egin du eta, ondorioz, haserrea areagotu du. 

Ildo beretik, Mendozak honakoa azaldu du: “Bilduk Foru Aldundia gobernatzen hasi zenean gizarte zerbitzuen kudeaketa-eredua aldatu nahi izan zuen eta zebitzu guztiak publikoak egin nahi izan zituen. Ordu arte, zerbitzu horiek hainbat enpresa eta elkartek gain – horietako asko irabazi asmorik gabeko elkarteak, besteak beste, Gurutze Gorria – kudeatzen zituzten. Baina, zerbitzuak publikoak egitea ezinezkoa dela ikusi duenean, eredua mantendu behar duelaz ohartu da, nahiz eta gustuko ez duen. Ondorioz, zahar-egoitzetan eta eguneko zentroetan murrizketak egin ditu eta, era berean, kudeatzeaz arduratzen diren enpresa zein elkarteei eskatu die langileei soldatak igoteko. EAJ-PNV beti egon da langileen baldintzak hobetzearen alde, baita Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen ereduaren babes- eta arreta-sistema hobetzearen alde ere”.

Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkideak segidakoa salatu du: “Bilduren aginteko gobernuak Gipuzkoako zaharren egoitzak eta eguneko zentroak arriskuan jarri ditu eta, gainera, enpresak eta asmorik gabeko elkarteak kaltetu ditu. Izan ere, Foru Aldundiak ezin du esan enpresei % 0,6 gehiago emango diela, eta, era berean, enpresei eskatu langileen soldatak % 2,6 igotzeko. Beraz, Gizarte Politikako foru diputatuak iruzur egiten ari zaie herritarrei, langileei eta enpresa zein elkarteei. EAJ-PNVk hori guztia salatu nahi du, izan ere, baldin eta Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez badu jarrera aldatzen, gizarte zerbitzuak hankaz gora jarriko ditu eta, ondorioz, zebitzuak okerrera egingo du”. 

Eiden Mendozak, halaber, honakoa esan du: “Ander Rodriguez Gizarte Politikako foru diputatuaren jarrera hipokrita da. Lan erreforma ez babesteko eskatu digu, EAJ-PNVk aspalditik argi utzi duenean erreforma horren aurka dagoela. EAJ-PNV, ordea, ez da hipokrita. Hau da, Foru Aldundiak enpresei eskatu die lan-erreforma kaleratzeetan ez erabiltzeko, baina aitzitik, Foru Aldundiak langileak kaleratu behar dituenean, lan-erreforma hitzez hitz betetzen du”.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVren batzarkideak Foru Aldundiari eskatu dio, proposamena erretiratzeko, bereak ez diren eskumenak bere gain ez hartzeko eta berari dagokiona egiteko; hau da, patronala eta sindikatuen arteko negoziazioan bitartekari izateko, zahar-egoitzen hitzarmena ados dezaten eta greba iraunkorra ekidin dadin, izan ere, kontrakoa gertatuz gero Foru Aldundia izango da erantzulea”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario