16 de septiembre de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU, IÑAKI ERRAZKIN INGURUMENEKO FORU DIPUTATUAK INFORMAZIOA EZKUTATU DUELA BERE IRITZIA MANTENTZEKO



Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzaleak EAJ-PNVren kezka azaldu du, Bilduren aginteko Foru Aldundiaren kudeaketa faltagatik eta gobernu ezagatik; izan ere, ekonomia ondorio larriak ekar ditzake.



Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketa foru diputatua Batzar Nagusietan agertu da gaur goizean. Bertan, hondakinen kudeaketari buruzko hainbat galdera erantzun ditu, hain zuzen ere, oposizioko taldeek duela hilabete batzuk egindako galderak. Horrenbestez, Errazkinek, besteak beste, honakoak izan ditu hizpide: GHK partzuergoaren salaketa errausketa-instalazioa finantziatu zuten kreditu-entitateen aurka; errausketa-instalazioaren behin betiko gelditzeko erabakia; egonkortutako hondakin fardelak gordetzeko biltegiak; eta GHK-ko langile batek partzuergoaren beste bi tekiniarien aurkako salaketa.

Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzalearen iritziz, Bilduren aginteko Foru Aldundiaren borondate faltak eragin du gaurko agerraldia. Alegia, agerraldia ekidin ahal zen baldin eta Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak batzarkide taldeen galderei erantzun izan balie. Beraz, beste behin ere, Foru Aldundiak agerian utzi du bere gardentasun eza, izan ere, ez die informaziorik ematen batzarkide taldeei, ez die taldeen galderei erantzuten eta, ondorioz, esaten duenarenen guztiz kontrakoa egiten du. 

Ildo beretik, Ezeizabarrenak honakoa gogoratu du: “Urte eta erdi igaro da Bilduk hondakinak kudeatzeko bere proiektua hitzaldi batean aurkeztu zuenetik. Baina aitzitik, Bilduk proposamenarekin aurrera darrai, nahiz eta ez duen Batzar Nagusien oniritzia”. Horrenbestez, jeltzaleen batzarkideak segidakoa kritikatu du: “Foru Aldundiak ez du argitu oraindik non jarriko dituen egonkortutako hondakin fardelak gordetzeko biltegiak, hain zuzen ere, hondakin hondarra lurperatzeko biltegiak, ez zein izango den biltegi horien aurrekontua, ez zein hirigintza-plangintzan oinarritzen duen bere proposamena”.

Era berean, Xabier Ezeizabarrenak salatu du, zabortegiak direla Bilduren proposamena hondakin-hondarra biltzeko eta, beraz, errealitatetik oso urrun dagoela Bildu. Izan ere, Europako Batasunak argi esan zuen debekatuko zuela zabortegi berrien irekiera; beraz, Bilduk, beste behin, batzarkide taldeen zein Europako Batasunaren agintarien adierazpenak eta iritziak manipulatzen ditu.

Halaber, Ezeizabarrenak kritikatu du, Bilduk ez duela plangintzarik hondakin-hondarrarentzako: “Errausketa-instalazioaren eraikuntza gelditzeko erabakia hartu du, baina ez du azaldu nola kudeatuko duen hondakin-hondarra, ez zein izango den erabaki horren ekonomia-ondorioa, ez nola kudeatuko duen errausketa-instalazioa gelditzearen kostuak”.

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren batzarkidearen hitzak: “Errazkinek, beste behin ere, informazioa ezkutatu du, bere iritzia mantentzeko. Hau da, ez du esan Eusko Jaurlaritzak errausketa-instalazioaren eraikuntzaren alde egin duela – hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundiari esan dio ingurumen-baimena indarrean dagoela –“. Hori del aeta, Ezeizabarrenak Iñaki Errazkini eskatu dio, aitzakiarik ez erabiltzeko Bilduren erabaki politikoa justifikatzeko: “Jarrera horrek agerian uzten ditu Bilduren kudeaketa falta eta gobernatzeko gaitasun eza. Are gehiago: jarrera horrek ondorio ekonomiko larriak izango ditu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario