23 de septiembre de 2013

EAJ-PNV-K SALTU DU, BILDUK EZ DITUELA BATZAR NAGUSIAK ERRESPETATZEN, IZAN ERE, EZ DIE ERANTZUN BERTAN ADOSTUTAKO 97 MOZIOEI



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok kritikatu du, Bilduk ez duela demokrazia-kulturarik ezta negoziatzeko gogorik: “Politikan erakunde bateko agintariek negoziatzeko borondaterik eta demokrazia-kulturarik ez dutenean, agerian uzten dute gobernu hori ahula dela”.

Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak eta Batzar Nagusietako Mahaikideak esan du, EAJ-PNVk Gipuzkoako Foru Aldundiari errieta egin nahi izan diola, Bilduk gobernua hartu zuenetik ez duelako informaziorik ematen Batzar Nagusietan adostutako mozioei buruz. 



EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak eta Batzar Nagusietako mahaikideak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, EAJ-PNVren iritziaren berri eman dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren azkeneko erabakiari buruz, hain zuzen ere, jeltzaleek egindako 97 babes-eskaerak – Foru Aldundiak ez die erantzunik eman oraindik iazko Politika Orokorreko eta Gobernu Programaren gaineko osoko bilkuretan adostutako mozioei – banan-banan erantzutea erabaki izanari buruz.

Horren harira, Markel Olanok honakoa esan du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiak erabaki du babes-eskaerak banan-banan erantzutea eta, horrek, Batzar Nagusietako irudiari kalte egiten dio; izan ere, irailaren 25eko osoko bilkuraren eguneko gai-zerrendan 106 gai daude – hain zuzen ere, 8 egun iraun ditzake osoko bilkurak – eta, ondorioz, Bilduren jarrerak Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiaren jarduerak geldituko ditu”.

Ildo beretik, Olanok segidakoa azaldu du: “EAJ-PNVk hainbat proposamen egin zituen Batzar Nagusietako Bozeramaileen Batzordean honako helburuarekin: ekiditea Foru Aldundiak mozio horiek guztiak banan-banan erantzutea eta, ondorioz, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia ez gelditzea. Baina aitzitik, Bilduk erabaki zuen foru diputatuak banan-banan mozio guztiak erantzutea. Horrek agerian uzten du, Bilduk ez duela kudeatzeko gaitasunik eta ez duela Batzar Nagusiekiko errespeturik. Hala ere, Bilduk ez du azkeneko hitza eta, beraz, EAJ-PNVk erabaki du gai-zerrendako gai horiek guztiak erretiratzea, 33. gaia izan ezik – hain zuzen ere, krisiari aurre egiteko suspertze ekonomikoa eta lurralde jarduera bultzatzeko plan integral bat egiteari buruzko mozioa –. Horiek horrela, puntu horretan gaiari buruzko EAJ-PNVk bere iritziaren berri emango dio ganberari eta, gainera, ekidin egingo du Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren jardueraren gelditzea. Izan ere, gipuzkoarrok ez dugu merezi Bilduk ezarri nahi zigun zigorra”. 

Horrenbestez, Markel Olanok kritikatu du, Bilduk ez duela demokrazia-kulturarik eta negoziatzek borondaterik: “Politikan erakunde bateko agintariek negoziatzeko borondaterik eta demokrazia-kulturarik ez dutenean, agerian uzten dute gobernu hori ahula dela. Hortaz, Bilduk ez die informaziorik eman Batzar Nagusietako taldeei eta, ondorioz, agerian utzi du ez dituela errespetatzen ez Gipuzkoako erakundeak, ez herritarren borondatea, ez demokrazia”.

Bestalde, EAJ-PNVren batzarkide eta Batzar Nagusietako mahaikide Eider Mendozak ohartarazi du, EAJ-PNVk Gipuzkoako Foru Aldundiari errieta egin nahi izan diola, izan ere, Bilduk agintea hartu zuenetik ez die erantzunik eman Batzar Nagusietan adostutako mozioei. Horiek horrela, Foru Aldundiaren jarrera hori oso larria da eta Bilduren negoziatzeko gogo ezaren ondorioz, 8 eguneko osoko bilkura eragin du, eta EAJ-PNVk hori ekiditea erabaki du.

Era berean, Mendozak salatu du, Bilduk EAJ-PNVren proposamenari ezezkoa esan ziola – EAJ-PNVk babes-eskaera guztiak puntu bakar batean eztabaidatzeko eskatu zuen – foru diputatuak babesik gabeko egoeran gelditzen zirelako. Baina aitzitik, hautetsi jeltzalearen iritziz, gainerako taldeak dira babesik ez dutenak, izan ere, Bilduk ez die informaziorik ematen eta ez du Batzar Nagusien gehiengoa adostutakoa errespetatzen. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkideak Bilduren harrokeria kritikatu du: “ez du borondaterik izan negoziatzeko egoera hori ekiditeko”.

Halaber, Eider Mendozak honakoa esan du: “EAJ-PNVk ez du gelditu nahi Batzar Nagusien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera, baizik eta, Bilduk adostutako mozioei erantzutea”.  

Independentziari buruzko mozioa

Azkenik, EAJ-PNVren bozeramaile Markel Olanok Bilduren kudeaketa eza eta errespetu eza salatu ditu: “Esaterako, Independentziari buruzko mozioari, hain zuzen ere, iazko Politika Orokorreko osoko bilkuran adostutako mozioari – non eta, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen zioten Independentziaren gaineko bide-orria egiteko – Bilduren aginteko Foru Aldundiak honakoa erantzun zion: ‘Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriak dituen nazio-eskubideen defentsa irmoa egiten du. Independentziarako hautua egingarri bihurtzeko hainbat ekimen bultzatu ditu’. Hau da, Bilduk ez ditu betetzen ezta berak egindako mozioak ere”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario