EAJ-PNV-ren
batzarkide taldearen bozeramailearen ustez Bilduren aginteko Foru Aldundiaren
jarrera hotza eta neurririk gabekoa da, eta honakoa ohartarazi dio: “EAJ-PNVk
lan egingo du Ekonomia Sustatzeko Foru Araua egiteko proposamena egiteko”.
Krisia eta Gipuzkoako ekonomiaren
egoera izan dira gaurko gai nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietako ohiko osoko
bilkuran. PSE-EE-ren batzarkide taldeak azken unean erabaki du eguneko
gai-zerrendatik kentzea Jon Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta
Turismoko foru diputatuaren lana gaitzesteko gaia. Horren harira, EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Erabakia
errespetatzen dugu, baina guk bestelako analisia egiten dugu: Bilduren aginteko
Foru Aldundiak Batzar Nagusien gaitzespena merezi du ekonomian, izan ere,
kudeaketa txarra egiten ari da eta behin eta berriro ezetz esan dio Gipuzkoan
krisiari aurre egiteko planak egiteari”.
Horiek horrela, Olanok gogoratu du,
Bilduk ez zuen proposatu krisiari aurre egiteko edota ekonomia-sustatzeko
aurrekontu-sailik 2012rako eta 2013rako aurrekontu-proposamenean. Beraz, oposizioko
alderdiek – horren gaineko zuzenketak adostu zituzten – Bildu derrigortu zuten
aurrekontuan krisiari aurre egiteko aurrekontu-sailak egitera. Horrenbestez,
EAJ-PNVren bozeramaileak segidakoa salatu du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiak
neurririk proposatu gabe jarraitzen du krisiari aurre egiteko eta, hori, oso
larria da Gipuzkoarentzat. Izan ere, krisialdia hasi zenetik bost urte igaro
dira eta Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du oraindik plangintza zorrotzik
egin krisiari aurre egiteko”.
Era berean, Markel Olanok esan du,
onartezina dela Bilduk, oraindik, ezer egin ez izana, eta honakoa gaineratu du:
“Bilduren aginteko Foru Aldundiaren jarrera hotza eta neurririk gabekoa da
ekonomian”. Horiek horrela, Olanok gogoratu du, duela hainbat aste ezagutu
zutela 2012ko Kontu Orokorra. Bertan, besteak beste, honakoa ezagutzeko aukera
izan zuten: Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamentuaren
aurrekontuaren betetze-maila 2012an %88,24 izan da; alegia, betetze-maila
eskasa, Gizarte Politikako – betetze-maila %99,37 – edota Ogasun eta
Finantzetako – %98 – departamentuen betetze-mailarekin alderatuta. Beraz, datu
horrek agerian uzten du Bilduk ez duela ezer egin arlo horretan.
Olanok, halaber, honakoa adierazi du:
“Nahiz eta PSEk Jon Uriguen foru diputatuaren lana gaitzesteko ekimena bertan
behera utzi duen, EAJ-PNVk beste ekimen batzuk egiten jarraituko du: hain zuzen
ere, ekimen horien artean, Ekonomia Sustatzeko Foru Araua dago. EAJ-PNV
Oposizioko gainerako taldeekin hitz egiten ari da, izan ere, jeltzaleon ustez,
Foru Arau baten bidez behartu behar dugu krisiari aurre egiteko planak egitera,
bere ekonomiaren kudeaketa oso txarra baita”.
Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren
eledunaren hitzak: “EAJ-PNVk Bilduren aginteko Foru Aldundiari bi gauza
eskatzen jarraituko dizkio: alde batetik, ekonomia sustatzeko plana egiteko
eta, bestetik, Gipuzkoako ekonomiaren eragileekin – hau da, sindikatuekin,
enpresa gizon/emakumeekin, merkataritza-ordezkariekin –eta – elkarlanean
aritzeko, ekonomiaren egoerari buruzko hausnarketa egiteko”. Markel Olanoren
iritziz, Foru Aldundiaren eta ekonomiaren eragileen arteko hausnarketa
ezinbestekoa da, Gipuzkoako ekonomia-lehentasunak ezartzeko. Beraz, EAJ-PNVk
Foru Aldundiari egindako eskaerak mantenduko ditu, baldin eta Foru Aldundiak
eskatutakoa bete gabe jarraitzen badu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario