22 de agosto de 2011

EAJ-PNVREN IRITZIZ, GARITANOK ETARI BURUZ EGINDAKO ADIERAZPENEK EZ DIOTE BAKE PROZESUARI ETA ELKARBIZITZARI LAGUNTZEN

Jeltzaleen batzarkide taldeak Diputatu Nagusiari interpelazioa egingo dio Prada de Conflent-eko Universitat d’Estiu-n emandako hitzaldia azal dezan.

EAJ-PNVren batzarkide taldeak interpelazioa aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietako erregistroan gaur goizean, Diputatu Nagusiak Prada de Conflent-eko Universitat d’Estiun-n emandako hitzaldiari buruzko zehaztapenak osoko bilkuraren aurrean eman ditzan. EAJ-PNVren iritziz, oso larriak dira Diputatu Nagusiaren adierazpenak, non ETAk Katalunian burututako atentatuak akats handia izan zirela esan zuen; eta sortu den polemika azalpena merezi du.

EAJ-PNV batzarkide taldearen ustez, Diputatu Nagusiak bake prozesuaren inguruan duen jarrera eta egindako adierazpenak, giza eskubideen defentsarekiko eta biktimek merezi duten errespetuarekiko jarrera zalantzagarriak direla agerian uzten dute. Honenbestez, jeltzaleak kezkatuta daude, Diputatu Nagusiak egun ez duelako onartzen giza eskubideak unibertsalak eta besterenezinduak direnik.

Ildo berean, EAJ-PNVren batzarkide taldeak honakoa adierazi du: “Ez da bidezkoa Martin Garitanok zenbait eskubideen urraketa salatzea eta, aldi berean, gipuzkoar askorentzat mingarriak eta ulertezinak diren adierazpenak egitea”. EAJ-PNVren aburuz, ETAren jardunbidea akatsa izan da; egun gertatutakoa ahaztu gabe etorkizunari itxaropentsu begiratzen dion euskal gizarteari sufrimendua eta mina sortu dizkio.

Bestalde, jeltzaleen batzarkide taldeak ondorengoa nabarmendu du: “Diputatu Nagusiaren jarrerak ez dio elkarbizitzari mesederik egiten; behin betiko bakea lortzeko trabak jartzen dizkio. ETAren ekintzek eragindako mina handia izan dela aitortu behar da”. Ildo beretik, EAJ-PNVk Martin Garitanori segidakoa gogoratu dio: “Gipuzkoako gizarteak bakea eta politikaren aldeko apustua egin du”.

Diputatu Nagusiak udan ETAren biktimei egindako omenaldietara gerturatu ez izanak kezka sortu du EAJ-PNVrengan. Jeltzaleen iritziz, Martin Garitanok historian ETAren atentatuei buruz egiten duen balorazioa ez dator bat euskal gizarteak duen iritziarekin; alabaina gizarteak hainbat alditan indarkeriaren aurkako jarrera erakutsi du.

Halaber, EAJ-PNVk Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako zuzendariari eskatuko dio, giza eskubideen defentsa eta sustapena bermatzeko duen plangintza aurkeztu dezan; izan ere, jeltzaleen iritziz, Martin Garitanoren adierazpenen esanahia konfirmatzen bada, gaur arte Gipuzkoako hainbat eragile, ordezkari zein erakundeek egindako lanean atzerapauso bat dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario