28 de septiembre de 2011

ARANTZA TAPIA: “BILDUK EZ DU ARGITU ERRAUSKAILUAREN BENETAKO TAIMAINA NOLAKOA IZANGO DEN”

Inguruneko eta Lurralde Antolaketako batzordean EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak esan duenez, “Juan Carlos Alduntzin diputatuak ez du ezer argitu; baizik eta, zalantzak eta nahasketa sortu ditu”.

Juan Karlos Alduntzin Inguruneko eta Lurralde Antolaketako foru diputuatuaren adierazpenak entzun ondoren, EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaile Arantza Tapia kezkatua dago, “izan ere foru diputatuak errauskailuaren aurkako jarrera du, eta gainera, azpiegitura horren plangintza eta diseinuari kritika egin die”. Ildo beretik, Tapiaren ustez, “Alduntzinek aurreikusitako azpiegituren neurriak berriz aztertzeko asmoa du, eta, era berean, arlo honetan eskuduntza duten erakundeen arteko hausnarketa egiteko prest dago”. Arantza Tapiaren iritziz, “lurraldeko hondakinen kudeaketaren inbertsioen berrantolaketa egingo du, era arduragabean eta ganberaren gehiengo politikoaren aurka”.

EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak, halaber, segidakoa azpimarratu du: “Ez dago argi diputazioak errauskailua gelditu edo berriro aztertuko duen. Denbora aurrera doa eta, oraindik, Gipuzkoako gizartean eztabaida egoten jarraitzen du. Beraz, bada garaia jakiteko aldundiak nolako jarrera hartuko duen”.

Bestalde, Tapiaren aburuz, “Ingurumen eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak ez du zehaztu hondakinen gerakinaren tratamendurako - %15 edo %20 – beharko den azpiegitura. Ez ditu benetako premisak erabili; izan ere, egun, hondakinen %80a ez da ez birziklatzen, ez berrerabiltzen; nahiz eta guztiok helburu hori lortzeko lanean jarraitzen dugun”.

Azkenik, hona hemen Arantza Tapia eledunak egin duen kritika: “Gipuzkoako Foru Aldundia atez-ateko sistemaren aldeko defentsa sutsua egiten ari da, eta, gainontzean, zabor-ontzien bidezko zabor-bilketa ez du sustatzen”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario