30 de marzo de 2012

MARKEL OLANO: “BATZAR NAGUSIETAN BAKEAREN GAINEKO BATZORDE TXOSTENGILEA MARTXAN JARTZEKO GARAIA DA”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen iritziz, “gaur lortutako adostasunak bat egiten du bizi dugun egoera politikoarekin. Elkarrizketari bide emateko garaia da”.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, batzarkide taldeek espetxe-politika aldatzeko eskatzeari buruz eztabaidatu dute. Hala ere, eztabaida bakea lortzearen bidetik joan da; izan ere talde guztiak, alderdi popularra izan ezik, ados jarri dira. Markel Olano jeltzaleak, orobat, honakoa gogoratu du: “2011ko irailan Batzar Nagusietan Bakearen gaineko talde txostengilea martxan jartzeko proposamena egin genuen. Orduan jakin bagenekien malguak izan behar ginela eta, ondorioz, egoeraren arabera martxan jartzeko konpromisoa lortu genuen”. Ildo beretik, Olanoren iritziz, “zortzi hilabete pasa dira eta legebiltzarrean lortutako akordioa eta eman diren aurrerapausoak ikusita, Batzar Nagusietan Bakearen gaineko Batzorde Txostengilea martxan jartzeko unea da”.

Era berean, jeltzaleen bozeramaileak talde txostengilearen edukiak zehaztu ditu, hain zuzen honakoak: “Gure lurraldean gizartearen adostasunerako guneak eraikitzeko tresnak sortea eta, horri esker, oinari sendoak eta partekakuak finkatzeko eta gizarteko aniztasun politikoa askatasunez garatzeko; Gipuzkoako herri eta hirietan elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratzeko tresnak zehaztea, bizikidetza hobea eraikitzeko; gure lurraldeko herritarrek elkarri entzuteko eta elkarrizketa lantzeko ekimenak definitzea; adituen proposamenak eta azterketak ezagutzeko guneak eta tresnak finkatzea; eta bakearen heziketa eta giza eskubideen defensa lurraldean lantzeko proposamenak zehaztea”.

Halaber, Markel Olanoren aburuz, “ez diogu elkarrizketari beldurrik eduki behar eta, gainera, jarrera malgua badugu gizartearentzat onak izango diren akordioak lortuko ditugu”. Horrenbestez, Olanok erdibidekoaren edukiak ezinbestekoak direla esan du eta honakoa gaineratu du: “Testuingurua eman behar diogu ETAren su-etenari eta Aiete jauregian sinatutako itunari. Era berean, Sortu legeztatzea eta Mitchel-en printzipioa ezinbestekoak dira aurrera egiteko eta, berebat, presoen egoerari bide eman behar zaio; alabaina, munduko beste hainbat gatazkatan horrela egin da eta Euskal Herria ez da salbuespen izango”.

Azkenik, hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Batzar Nagusietan Batzorde Txostengilea sortzeko eskariak segidako arrazoia du: gatazka guztion artean konpondu behar dugu eta, horretarako, elkarrizketari heldu behar diogu, egondako inkomunikazioa eta sufrimendu guztia ezabatzeko bidea delako”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario