7 de marzo de 2012

XABIER EZEIZABARRENA: “EAJ-PNV-REN HONDAKINEN KUDEAKETA EREDUA EUROPAKO BERDEEN BERDINA DA”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen iritziz “Bilduk zaborrekin PPk Prestige itsasontziarekin egindakoa egin nahi du: zaborra itsasontzia bezala, zenbat eta urrutiago orduan eta hobe”.

Hondakinak izan dira batzar nagusietako osoko bilkuraren eztabaidaren gai garrantzitsuenetakoa. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Xabier Ezeizabarrenak esan duenez, “pentsatzen nuen hondakinen eztabaida Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Orokorrarekin (PIGRUG) batera amaitu zela. Baina aitzitik, Bilduk ez du konpondu nahi”. Ildo beretik, Ezeizabarrenak honakoa adierazi du: “Bilduk beste eredua omen du, Espainiaren kudeaketarekin bat egiten duena; gure eredua, ordea, ekologia-kontzientzia duten Alemania edo Austria bezalako herriena da. Hots, EAJ-PNVren hondakinen kudeaketa eredua Europako verdeen berdina da”.

Era berean, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak azpimarratu duenez, “ez dago borroka politikorik ez atentzioa aldentzeko jarrerarik. Izan ere, %85eko birziklatze-tasara iristea oso zaila da eta, baldin eta lortzen bada, gelditzen den %15, zabor-kopuru handia da itxiera zikloa amaitzeko”. Honenbestez, Xabier Ezeizabarrenaren iritziz, “egin behar dugun azken gauza zaborra Bizkaira, Nafarroara edota Iparraldera bidaltzea da, arazoa gainetik kentzeko eta beste batzuei uzteko. Bilduk zaborrekin PPk Prestige itsasontziarekin egindakoa egin nahi du: zaborra itsasontzia bezala, zenbat eta urrutiago orduan eta hobe”.

Ezeizabarrenak, halaber, segidakoa esan du: “Atez ateko bilketa sistemak ez dio zaborren arazoari irtenbiderik ematen; besteak beste, ez baitago arduraz proposatua eta, era berean, gipuzkoarren erdiak baino gehiagok ez du erabiliko”. Hori dela eta, EAJ-PNVren eledunaren aburuz, “irtenbidea ez dira zabortegia edota beste lurraldeetara zaborrak eramatea”.

Azkenik, Xabier Ezeizabarrenaren ustez, “Bilduk zaborren-kudeaketari konponbidea eman gabe jarraitzen dio. Gainera, gai honek PIGRUG-arekin irtenbidea bazuen”. Hortaz, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak foru gobernuari honakoa galdetu dio: “Gaiari buruz hartutako erabakiak errespetatuko ditu, ala bere politika-egitasmoarekin bat datozenak bakarrik?”

No hay comentarios:

Publicar un comentario