23 de abril de 2012

EAJ-PNVREN USTEZ BILDUREN KONTRAESANA GIZARTE POLITIKAN NABARIA DA.

EAJ-PNVren batzarkidearen iritziz, “aldundiak udalak kontuan hartu gabe egiten ditu gauzak, nahiz eta Batzar Nagusiek kontrakoa eskatu” eta, era berean, honakoa esan du: “arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana da gakoa”.

Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodriguez batzordearen aurrean agertu da. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak honakoa esan dio: “Harrigarria da lehen presa zuenak orain, gobernuan dela, konplexua izatea”. Ildo beretik, Mendozak Ander Rodriguez-i eskatu dio, “kontraesanak baztertzeko eta bere gizarte politika eredua argitzeko”. Orobat, segidakoa azpimarratu du: “arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana da gakoa”.

Era berean, jeltzaleen batzarkideak kritikatu duenez, “oraindik, aldundiak ez du udalen ordezkariekin bilerarik egin, Batzar Nagusiek eskatu zioten moduan, eta, gainera, hiru hilabeteko luzapena eskatu du. Hiru hilabeteetan konponduko du sei hilabeteetan egin ez duena?”. Honenbestez, Eider Mendozaren ustez, “orain arte Foru Aldundiak udalekin batera egiten zuen lan, Eudelen sortutako batzorde baten bitartez”, eta, berebat, “aldundiak udalak bere planteamendutik at utzi izana” deitoratu du, “nahiz eta Batzar Nagusiek kontrakoa eskatu”.

Halaber, EAJ-PNVren hautetsiak adinekoentzako egoitzen gainean Bilduren kontraesana salatu du: “Harrituta gelditu ginen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aldundiak hainbat eguneko zentroen kudeaketa lortzeko lehiaketa zabaldu zuela irakurri genuenean. Izan ere, diputatuak berak eta ordezkatzen duen koalizioak guztiz kontrakoa agindu zuten; alegia, kudeaketa publikoa izango zela”.

Gainera, Eider Mendozak azpimarratu duenez, “itxaron-zerrenden hazkundea geroz eta handiagoa da. Hori dela eta, Ander Rodriguez foru diputatuari eskatzen diogu aurreko legealdietan hasitako bidetik jarraitzeko; alabaina, berak ona izan zela onartu zuen”. Horrenbestez, Mendozak Rodriguez-i dei egin dio, “baliabideen falta edota Raxoiren debekua aitzakitzat ez erabiltzeko; alta, gelditzea egungoa baino handiagoa izango da; are gehiago, jasanezina”.

Azkenik, EAJ-PNVren batzarkidearen aburuz, “kritika egitea beti da erraza. Dena den, orain Ander Rodriguez foru diputatuak gobernatzea zein zaila den ikusi duenean, errua besteei leporatzen saiatzen da”. Hortaz, Eider Mendozak honakoa esan du: “Guk gure eredua argi dugu. Gizarte Politikako foru diputatuari eredua jarraitzeko gonbita egiten diogu eta, beraz, aurrerapausoak emateko nahiz inbertsioak egiten jarraitzeko eskatzen diogu, Gipuzkoako aurrera egiten jarrai dezan”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario