Markel Olanoren
iritziz, “Gipuzkoan politika arazo larria dugu, izan ere, Bilduren aginteko
Foru Aldundiak urtebete igaro ondoren ez du gobernu-programa aurkeztu eta,
ondorioz, Batzar Nagusiei zein
gipuzkoarroi errespetua faltatzen ari zaigu”.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramaile
Markel Olanok eta Eider Mendoza batzarkide jeltzaleak prentsaurrekoa egin dute
gaur goizean. Bertan salatu dutenez, urtebete igaro ondoren foru gobernuak ez
du gobernu-programa aurkeztu, nahiz eta Foru Arau batek derrigortzen duen.
Ildo beretik, Markel Olanok honakoa esan du: “Hiru aldiz
eskatu diogu Martin Garitanori gobernu-egitasmoa aurkezteko, baina ez digu
kasurik egiten”. Horrenbestez, Olanok zehaztu duenez, “muturreko erabakia hartu
dugu: gehienez 15 egun barru, aldundia Batzar Nagusietan gobernu-programari
buruzko osoko bilkura monografikoa egitea behartuko dugu”.
EAJ-PNVren eledunak azaldu duenez, “Batzar Nagusietako
araudiak ematen digun aukera da. Bi taldek eskatu dezakete eta, dagoeneko,
babesa dugu. Gainera, beti araudiaren arabera, guk ezarriko du gai zerrenda”.
Era berean, Markel Olanok segidakoa azpimarratu du:
“Nazkatuta gaude aldundiak etengabe herritarrei zein Gipuzkoako Batzar Nagusiei
egiten dizkien erresptu faltekin. Eta, beraz, baldin eta salaketa publikoa
egiteak balio ez badu – irailaz geroztik foru gobernuari eskatu diogu
gobernu-egitasmoa aukezteko – muturreko neurriak hartu behar izan ditugu;
alabaina, Gipuzkoan politika arazo larria dugu”.
Halaber, jeltzaleen bozeramaileak salatu duenez, “Martin
Garitanok ez du ekimen propiorik, ez oposizioak aurkeztutako eta onartutako
ekimenak betetzeko asmorik”. Honenbestez, Markel Olanok honakoa gogoratu du:
“Lehengo legealdian gobernuak Kudeaketa Plangintza zehatza zuen eta, hain
zuzen, Batzar Nagusietan eztabaidatua eta oposizioko alderdien proposamenak
barneratuta zituen, lurraldeko erronkei aurre egiteko. Baina aitzitik, egungo
gobernuaren ezaugarriak noraeza eta plangintza eza dira eta, horrela, Gipuzkoak
ez dio krisialdiari aurre egingo”.
Azkenik, Olanoren aburuz, “Martin Garitanok ez du
plangintzarik. Guk, ordea, gurea dugu eta aurkeztuko dugu; izan ere, Gipuzkoako
ekonomia-egoerari aurre egiteko ezinbestekoa da plangintza estrategikoa izatea,
edozein enpresak egingo zukeen bezala”.
Bestalde, Eider Mendozak uztailak 12ko 6/2005 foru araua
izan du hizpide: “26.artikuluan zehazten da diputatu nagusia gobernu-programa
aurkeztera derrigortuta dagoela. Ez da, beraz, oposizioaren apeta, legea
betetzea baizik”. Hortaz, Mendozak gogoratu du, “maiatzaren 2an
gobernu-egitasmoa aurkezteko azkeneko epea bukatzen zela eta ez dugula ez
programarik ez azalpenik jaso”.
Horrenbestez, jeltzaleen batzarkideak zehaztu duenez,
“ekainan Batzar Nagusiek hiru aldiz eskatutakoa ez betetzeko arrazoiak azaldu
beharko ditu”, eta segidakoa azpimarratu du: “Asko kezkatzen gaitu egoera
nolakoa den ikusita, gobernu programarik gabeko, ekimenik gabeko eta Batzar
Nagusietan onartutako ekimenak kontuan hartzen ez dituen diputatua izateak”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario