EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramaileak azpimarratu ditu, Gipuzkoako Hiri Hondakinen
Kudeaketa Plan Orokorraren babesa, krisia gainditzeko neurriak eta gehien behar
dutenei laguntza ematea, eta gatazka politikoa gainditzeko erabakitzeko
eskubidearen garrantzia.
Gobernu programari buruzko gai bakarreko osoko bilkuraren
bigarrengo saioan taldeek egitasmoari ekarpenak egiteko mozioak eztabaidatu eta
onartu dituzte. Aurkeztutako mozioen defentsa egiteko txandan, EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Batzar Nagusien papera
azpimarratu du: “Baldin eta demokrazia benetakoa bada, botere banaketa badago
eta gobernuak bere eginkizuna betetzen badu, Batzar Nagusiek onartutako legeak
bete behar dira; izan ere, legeak egiteko ardura dute. Bestela, zertarako balio
dute Batzar Nagusiek?”. Honenbestez, Olanok honakoa esan du: “Gobernu honek
botereen banaketa aintzat hartzen ez badu, aurrekaririk gabeko gatazka sor
daiteke”.
Jeltzaleen bozeramailearen iritziz, “botereen banaketak
honakinen kudeaketari eragiten dio”. Ildo beretik, Markel Olanoren ustez, “nahiz
eta hasieran Foru Aldundiaren Gobernuak eztabaida Batzar Nagusietatik kanpo
utzi nahi zuela irudikatu, badirudi hilabete batean ganberan izango dugula
gobernuaren proposamena ezagutzeko eta eztabaidatzeko”. Hala ere, Olanok
azpimarratu duenez, “gaur Batzar Nagusietako ordezkari gehienen borondatea argi
geldituko da. Ikusteke dago, ordea, Foru Aldundiaren Gobernuak gehiengoaren
erabakia errespetatuko duen ala ez”.
Krisi egoerari buruz, EAJ-PNVren eledunak Bilduren
aginteko Foru Aldundiaren gobernuaren ekimen eza kritikatu du; “alabaina,
soilik EAJ-PNVrekin 2012ko aurrekonturako adostutako neurriak martxan jarri
ditu”. Horrenbestez, Markel Olanok Bilduri eskatu dio, “krisia gainditzeko
konpromisoa azaltzeko eta arlo pribatuarekin elkarlanean aritzeko”.
Era berean, Olanok azpimarratu duenez, “zerga-politika
arloan aurkeztutako mozioak Gipuzkoako enpresei laguntzeko dira, lurraldeko
ekonomiaren eragileak izaten jarrai dezaten eta, betiere, Gipuzkoako hainbat
familia zein pertsonak pairatzen ari diren ondorioak kontuan hartuta”. Hortaz,
jeltzaleen hautetsiak segidakoa esan du: “Kalean egoera larriak bizi ari dira
eta, beraz, pertsona horiei laguntza ematen dieten gizarte sareak laguntzeko
eskatzen dugu, besteak beste, Caritas eta Elikagaien Bankua”.
Politika-egoeraren gainean ere hitz egin du EAJ-PNVren
eledunak: “Bake prozesu baten hasieran gaude eta, hori dela eta, printzipio
nahiz estrategia batzuk elkartu behar dira: alde batetik, printzipio etikoa
dago, hots, ez dago proiekturik ez arrazoirik pertsonen gainetik; eta bestetik,
printzipio demokratikoa, hau da, bortizkeria gaindituta politika-proiektu
guztiak onartu behar dira”. Ildo beretik, Olanoren aburuz, “oso garrantzitsua
da erabakitzeko eskubidearen garapena gatazka politikoari irtenbidea emateko,
nahiz eta ETAk armak utzi dituen”.
Gainera, EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, “elkarbizitza
eta berradiskidetze prozesuak ezinbestekoak dira. Horretarako, Bakearen gaineko
batzorde txostengilea proposatu genuen Batzar Nagusietan”. Era berean, Markel
Olanok biktimen papera nabarmendu du: “Lehengo legealdian Foru Aldundiak
biktima guztiei babesa emateko plana onartu zuen”. Horrenbestez, Olanok aldundiari
eskatu dio, memoria selektiborik ez izateko, izan ere min handia egin dezake,
ETAk eragindako kaltea ez duelako kontuan hartzen.
Azkenik, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunak Foru
Aldundiaren Goberuari eskatu dio, kirola bultzatzeko gizartearen osasuna
hobetzeko eta integrazioa lortzeko; garraio publikoaren eta txirrindaren
erabileraren sustapenean aurrerapausoa
emateko; eta baserritarrei laguntzeko”.
Bozaren
azalpena
Bigarren txandan, Markel Olanok taldeka aurkeztu du talde
jeltzalearen boza mozioei. Hautetsi jeltzaleak esandako guztiak berretsi ditu: “Gipuzkoako
Hiri Hondakinen Plangintza Orokorraren babesa; krisia gainditzeko ikuspegi
orokorra; txartel bakarraren eta garraio publikoaren sustapena; printzipio
etiko eta demokratikoen gainean adostasuna eta ETAren biktimen zein presoen
ikuspegiak aintzat hartzea; eta udalekin harremanak sendotzea eta Eudel
babestea”.
Amaitzeko, Olanok segidakoa esan du: “Oposiziotik Foru
Aldundiaren Gobernuari bidea erakutsi diogu. Batzar Nagusiek euren lana ondo
egiten ari dira eta hori da, hain zuzen, jarraitu beharreko bidea; hots,
guztion arteko adostasuna eta elkarlana Gipuzkoak aurrera jarrai dezan”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario