30 de mayo de 2012

XABIER EZEIZABARRENA: “BILDUK ARGI UTZI DU NORBERAREN INTERESA EGON DELA ENPRESA BAT KONTRATATZEKO”.


Xabier Ezeizabarrenaren iritziz, “Alduntzinek ez ditu zalantzak argitu eta, beraz, ez da egokia ez gardena izan”.



Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko foru diputatua Batzar Nagusietan agertu da, obra eta zerbitzuen esleipenak egiteko Foru Aldundiaren irizpideak azaltzeko. Bereziki, batzarkide taldeek diputatuari galdetu diote, Altair enpresari hondakinen kudeaketarako esleitutako kontratuen gainean.

Xabier Ezeizabarrena jeltzaleak gogoratu duenez, “nahiz eta Bilduk hauteskunde kanpainan hala agindu, Foru Aldundiak lehiaketa publikoa egin ordez, hiru enpresa gonbidatu zituen honako kontratua emateko: Gipuzkoako Lurralde Historikoko hiri hondakinen azterketa, bilakaera, karakterizazioaren diseinua eta hondakinen luxuen eta mota eta kopuruen proiekzioa, hondakin horien tratamendurako lurraldean beharrezkoak diren azpiegiturak zahaztu ahal izateko”.

Ezeizabarrenak azaldu duenez, “Foru Aldundiak Altair enpresari, hain zuzen, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren zuzendari orokorraren enpresa ohiari, eman zion kontratua. Guztira 70.416,50 euro ziren; beraz, oso jokaera larria da, izan ere, ezker abertzalearekin lotura zuzena duen enpresa da”.

Honenbestez, EAJ-PNVren batzarkideak honakoa esan du: “Kontratazioak egiterakoan gardentasuna izan da beti EAJ-PNVren irizpena eta, orain, hainbat zalantza sortu zaizkigu”. Ildo beretik, Ezeizabarrenak azaldu duenez, “Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko zuzendari orokor berria martxoaren 30ean izendatu zuten eta bere enpresa, Altair alegia, apirilaren 4ean saldu zuen. Horrek etika zein gardentasun zalantzak sortzen dizkigu”.

Era berean, hautetsi jeltzaleak segidakoa nabarmendu du: “Diputatuaren azalpenak entzun eta gero, argi dago interesa egon dela Altair enpresari hainbat kontratu emateko”. Hortaz, Ezeizabarrenaren aburuz, “ez da berdina kontraturik gabeko enpresa bat edo obra eta zerbitzuetako balio zehatzetako kontratuak dituen enpresa bat saltzea”.

Xabier Ezeizabarrenak batzordean Alduntzin diputatuaren jarrera izan du hizpide: “Agerraldia ez du ondo kudeatu, izan ere, nahiz eta agintean dagoen, lehengo gobernuen kudeaketari oposizioa egitea erabaki du. Zalantza sortu duten hainbat esleipeni buruzko azalpenak eskatu zaizkio eta ez, ordea, beste batzuen kudeaketari kritika egiteko. Horrela, gobernatzeko eta arazo bat kudeatzeko – zaborren kudeaketa – gaitasun eza erakutsi du”.

Halaber, batzarkide jeltzaleak Bilduren jarrera kritikatu du, “alabaina, egindako hainbat kontratazio ez dira lehiaketa publikoaren bidez egin, nahiz eta Bilduk hauteskunde kanpainan hala agindu zuen”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario