EAJ-PNV batzarkide
taldearen bozeramailearen iritziz, “Alduntzin diputatuaren aurkako
zentsura-mozioaren helburua honakoa da: Bilduk jarrera aldatzea, Gipuzkoako
hondakinen gaineko liskarra amaitzea eta elkarrekin ados jartzeko bideak
aurkitzea”.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuaren
aurkako zentsura-mozioa erregistratu ondoren, jeltzaleen batzarkide taldearen
bozeramaile Markel Olanoren ustez, “gaurkoa egun gogorra da, izan ere,
hartutako neurria oso garrantzitsua da; are gehiago, ez du aurrekaririk”.
Olanoren aburuz, “Bilduren aginteko Foru Aldundiari balio politikoa kendu
diogu”.
Ildo beretik, jeltzaleen
eledunak honakoa esan du: “Bilduk Gipuzkoa inposizioaren mende du hondakinen
kudeaketaren arloan eta, ondorioz, erantzun egin diogu, inposizio jarrera hori
baztertzeko, bai Batzar Nagusietan bai gehiengoaz baliatuta Gipuzkoako hainbat
herritan”.
Era berean, Markel Olanok
demokraziaren ikuspegitik hartutako erabakia arrazoitu du: “Bilduk Batzar
Nagusiei kendu die Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren plangintza egiteko gaitasuna
zein legitimitatea”. Horrenbestez, Olanok segidakoa azpimarratu du:
“Demokrazia-iruzur baten aurrean gaude; izan ere, Bilduk plangintza erabat
aldatu nahi du Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu gabe, nahiz eta Batzar
Nagusiek beraiek eskumena duten”.
Azkenik, EAJ-PNVren
bozeramaileak neurriaren garrantziaz hitz egin du: “Neurria muturrekoa da,
baina Bilduk berak behartu gaitu erabaki hori hartzera”. Hortaz, Markel
Olanoren iritziz, “Alduntzin diputatuaren aurkako zentsura-mozioaren helburua
honakoa da: Bilduk jarrera aldatzea, Gipuzkoako hondakinen gaineko liskarra
amaitzea eta elkarrekin ados jartzeko bideak aurkitzea”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario