Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren ustez, ez dira bidezkoak
Espainiako Gobernuak imposatutako murrizketak, atzeraldia sakontzen dutelako
eta, gainera, kontsumoari eta gure lurraldeko komertzioari kalte egiten
dietelako.
Uztailaren 19an Diputatuen
Kongresuak defizitaren aurkako Errege Lege Dekretua onartu zuen. Bertan,
besteak beste, honakoa adostu zuten: administrazio publikoaren langileei
Eguberriko ez-ohiko ordainsaria kentzea. Hori dela eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramaile Markel
Olanok Gipuzkoako Foru Aldundiari segidakoa eskatu dio: “Errege Lege Dekretua
ez aplikatzeko eta, beraz, langile publikoei ez-ohiko ordainsaria mantentzeko”.
Olanoren aburuz, “Espainiar
Estatuaren eta Euskadiren ekonomia-egoerak guztiz desberdinak dira; izan ere,
hainbat urtetan Euskadin egindako politikak Espainiar Estatuarenak ez
bestelakoak izan dira”. Ildo beretik, jeltzaleen eledunaren iritziz, “ez dira
bidezkoak Espainiako Gobernuak inposatutako murrizketak eta, ondorioz, ez
lirateke gure lurraldean aplikatu behar. Hortaz, Foru Aldundiari eskatzen diogu
ez kentzeko administrazio publikoaren langileei Eguberriko ez-ohiko
ordainsaria”.
EAJ-PNVren bozeramailearen
ustez, “Rajoiren aginteko Espainiako Gobernuak krisiaren zama herritarrengan
utzi nahi du, nahiz eta herritarrek ez duten krisia eragin. Beraz, ez dituzte
zertan murrizketak jasan beraiek bakarrik”.
Bestalde, Markel Olanok
segidakoa gogoratu du: “Ez-ohiko ordainsaria kentzeko edota BEZa igotzeko
bezalako neurriek atzeraldia sakonduko dute eta, era berean, kontsumoari zein
gure lurraldeko komertzioari kalte egingo diete”.
Azkenik, hona hemen Markel
Olanoren hitzak: “EAJ-PNVren kargu publikoek Eguberriko ez-ohiko ordainsariari
uko egin diogu. Halaber, Batzar Nagusietan ebazpen-proposamena aurkeztu dugu,
Espainiako Gobernuak proposatutako murrizketen aurka eta administrazio
publikoaren langileei Eguberriko ordainsaria mantentzearen alde”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario