6 de julio de 2012

EAJ-PNV-REN IRITZIZ, ZENTSURA-MOZIOAREN HELBURUA BILDUREN JARRERA ALDATZEA DA


Xabier Ezeizabarrena EAJ-PNVren batzarkidearen ustez, “Bilduk, ezker abertzalearen agindupean, eragin duAlduntzin foru diputatuaren kontrako zentsura-mozioa”


Xabier Ezeizabarrenak EAJ-PNVren izenean parte hartu du, Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuaren aurkako zentsura-mozioaren gaineko osoko bilkuran.  Hasteko batzarkide jeltzaleak foru diputatuari erantzun dio: “Zure ustez, herriak epaituko gaitu, baina une honetan zu epaitua izaten ari zara herriak aukeratutako demokrazia-ordezkariengatik. Eta arrazoia, honakoa da: ez duzu lehentasunik zehaztu, ez erabakirik hartu, baina, bereziki, zure eredua inposatu nahi izan duzu Batzar Nagusietako gehiengoaren iritzia kontuan hartu gabe”.

Honenbestez, Xabier Ezeizabarrenaren ustez, “Bilduk, ezker abertzalearen agindupean, eragin du liskarra. Are gehiago: hondakinen kudeaketaren arazoa behin eta berriz atzeratu nahi dute”. Ildo beretik, Ezeizabarrenak honakoa esan du: “atez ateko bilketa-sistemak ez du konpontzen hiri hondakinen arazoa, ezta zabortegi berriak irekitzeak ere”. Jeltzaleen hautetsiaren aburuz, “konponbidea Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plangintza Orokorrean (PIGRUG) dago, baina ez duzue gustuko eta aldatu nahi izan duzue araudiak kontuan hartu gabe eta zuen plana modu formalean aurkeztu gabe”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak abertzaleen koaliziaren jarrera kritikatu du: “Demokratak dira bakarrik ebazpenak eta foru arauak beraien nahiaren alde egiten dutenean”. Hortaz, Xabier Ezeizabarrenak segidakoa azpimarratu du: “joko-arauak argi daude bai Ganberako Araudian bai Ingurumeneko Euskal Legean. Gainera, azken honek argi uzten ditu erakunde bakoitzaren eskumenak hondakinen arloan eta, hain zuzen, zuek aldeko boza eman zenuten Legebiltzarrean zeundetela”.

Xabier Ezeizabarrenak Juan Carlos Alduntzinek egindako Bilduren aurkako fronteari buruzko salaketei erantzun die: “Ez dugu Bilduren aurkako fronterik egingo, ez orain ez etorkizunean. Zuek gobernatzeko zaudete, izan ere hauteskundeak irabazi zenituzten; hala ere, ezin duzue gobernatu Batzar Nagusien gehiengoaren aurka. Beraz, ez da egon Bilduren aurkako fronterik ez gaur ez hasieran. Bestela, Martin Garitano ez zen diputatu nagusi izango”.  

Ildo beretik, Ezeizabarrenaren ustez, “Bilduren aurka egongo bagina, Gipuzkoak ez luke aurrekonturik izango. Dena den, zuek, ezker abertzalea zelatari, egoera honetara ekarri gaituzue; izan ere, Batzar Nagusietako egunerokoan datuek argi uzten dute ez dagoela inongo fronterik. Egun, parlamentu ireki baten ohiko dinamika dago: gaur batzuekin adosten dugu eta bihar beste batzuekin, baina betiere kalean indarkeriarik eta terrorismorik gabe”.

Halaber, jeltzaleen hautetsiak Alduntzini honakoa gogoratu dio: “Zure ahotik entzun genuen erraustearen teknologiak ez duela arriskurik. Hori pentsatuko ez bazenu ez zenuke EAJ-PNVrekin aurrekontu-ituna sinatuko. Arazoa, beste behin, honakoa da: ezker abertzaleak ez dizu uzten nahi duzuna esaten”.

Gainera, Xabier Ezeizabarrenak Bilduri egotzi dio, “Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztu behar izatea”. Ezeizabarrenaren iritziz, hiru arrazoi egon dira mozioa aurkezteko, hain zuzen, Ingurumen-, ekonomia- eta politika-arrazoiak.

EAJ-PNVren batzarkidearen aburuz, “Bilduren ekologismoak ez du bat egiten errealitatearen, Europako herrialde aurreratuenei kasurik egiten ez dielako – birziklatu eta konpostatu ezin daitekeenta errausketaren bidez energetikoki balorizatu daiteke –. Gainera, zero zabor politikarik ez dago. Gako bat baino ez da, izan ere, ez du hondarra desagerrarazten eta, ondorioz, bildu egin behar da eta Gipuzkoa osoan egongo diren zabortegietan utzi. Era berean, errausketa-instalazioa toxikoa dela esaten jarraitzen dute, baina benetan toxikoa dena honakoa da: bere planak sortzen dituen 200.000 euroko interesak gipuzkoarrok ordaindu beharko ditugula”.

Politika arloan, Xabier Ezeizabarrenak Bilduren jarrera salatu du: “Ez dute malgutasunik izan; alabaina, ez dute bere proposamena Batzar Nagusietan aurkeztu taldeok ekarpenak egiteko eta, gainera, ez dituzte gure galderak erantzun. Sei hilabete izan dituzte negoziatzeko, eta dokumentua azkeneko egunean ekarri dute, behin erabakia hartuta zutela. Oso argi zenuten errausketa-instalaziorik ez zenutela egingo, baina benetan nahi zenutena aurrekontua onartzea zen. Hori ez zaigu gustatu, izan ere, hitzari iruzurra egin diozue eta hitza da, hain zuzen, herri honen muina”.

Azkenik, EAJ-PNVren batzarkideak Bilduri egotzi dio, “demokrazia-kulturarik ez izatea. Gutxiengo batek parlamentu gehiengoari nahia inposatzea baino ez zen falta”. Hori dela eta, Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Zentsura-mozioaren pedagogia- zein eraikitze-helburua du, hain zuzen, Bildu jarrera aldatzea da. Baldin eta jarrera mantentzen badute, herritarrei nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusiei errespeturik ez izaten jarraituko dute”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario