13 de julio de 2012

MARKEL OLANO: “GIPUZKOAK EZ DU GOBERNU HAU MEREZI EKONOMIA ARLOAN”.


EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak Martin Garitanori honakoa esan dio: “Oso ondo dago Uruguay-ko enpresa arloko ordezkariekin bilerak egitea, baina garrantzitsuagoa da Gipuzkoako enpresekin bilerak egitea, bereziki, ekonomia egoera kontuan hartuta”. 


Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, Bilduren aginteko Foru Aldundiari beste ebazpen bat ez betetzea leporatu diote: “2011ko azaroan EAJ-PNVren ebazpen-proposamena onartua izan zen, non eta segidakoa eskatu zitzaion: Hitzarmen Mahaia martxan jartzeko eta krisiari aurre egiteko ekonomia sustatzeko plana egiteko”.  Eider Mendozak azaldu duenez, “Martin Garitanori martxoan agortu zitzaion mahaia abian jartzeko epea – Foru Aldundiak berak, lurraldeko ekonomia nahiz gizarte ordezkariak eta sindikatuak parte hartuko zuten –, eta ekainan, aldiz, ekonomia sustatzeko plana aurkeztekoa”.   

Ildo beretik, Mendozak planaren lau estrategia nagusiak azaldu ditu: “I+G+B indartzea; lehiakortasuna eta dibertsifikazioa; pertsonen gaitzea; eta aberastasuna egoki banatzeko zerga-politika”. Honenbestez, hautetsi jeltzalearen ustez, “Hitzarmen Mahaia martxan jarri ez izanak eta krisiari aurre egiteko planik egin ez izanak agerian uzten du Foru Aldundiaren hutsegitea. Are gehiago: hainbat aldiz eskaini diogu laguntza, baina entzungor egin gaitu”.

Era berean, Markel Olanok honakoa gogoratu du: “Egoera zaila da eta, ondorioz, enpresek zein langileek une latzak bizi dituzte”. Hortaz, Olanoren aburuz, Foru Aldundiak ebazpena bete ez izana errespetua galtzea da bai Batzar Nagusiei, bai lurraldeko ekonomiari, bai enpresei nahiz herritarrei”.  

EAJ-PNVren bozeramaileak, halaber, segidakoa kritikatu du: “Bilduren Aginteko Foru Aldundiak ez du neurririk hartu ez elkarrizketarik izan ekonomia zein gizarte ordezkariekin, ez eta sindikatuekin; nahiz eta Hitzarmen Mahaia ostatzeko aukera duen, ordezkari guztien artean lurraldearen egoeraren analisia egiteko eta krisiari iretenbidea bilatzeko ados jartzeko”. 

Horregatik guztiagatik, Markel Olanoren iritziz, “Gipuzkoak ez du Gobernu hau merezi ekonomia arloan. Bestela esanda, neurriak eta ekimenak hartzen dituen gobernua merezi du, hain zuzen, elkarrizketa eta plangintza dituena; izan ere, egun falta zaizkio”. Horrenbestez, Olanok Bilduri eskatu dio, “estrategia koherentea martxan jartzeko. Gobernuaren ardura egoerari aurre egitea da”.

Diputatu nagusi Martin Garitanok Uruguay-ra egindako bisitari buruz, EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunak honakoa esan du: “Horrelako ekimenak beti dira ongietorriak. Hala ere, plangintzarik izan gabe hartutako erabakia da. Beraz, Oso ondo dago Uruguay-ko enpresa arloko ordezkariekin bilerak egitea, baina garrantzitsuagoa da Gipuzkoako enpresekin bilerak egitea, bereziki, ekonomia egoera kontuan hartuta”.

Azkenik, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren presidenteak iragarritako murrizketei buruz galdetu diote Markel Olanori. Hona hemen erantzuna: “Murrizketa horiek euskal autogobernuari eraso egin ahal diote. Hori ekiditeko, ditugun baliabideak erabili behar ditugu; esaterako, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mixtoa”. Honenbestez, Olanoren ustez, “baldin eta Rajoyk ekonomia sustatzeko neurririk hartzen ez badu, ekonomia itoko du eta atzeraldia sakonduko du”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario