24 de septiembre de 2012

EAJ-PNV-K EKONOMIA SUSTATZEKO FORU ARAUA EGITEA PROPOSATU DU, GOBERNUAREN GAITASUN EZARI AURRE EGITEKO

Jeltzaleen bozeramaile Markel Olanoren ustez, “Bilduren aginteko Foru Aldundiak Gipuzkoa kolokan jarri du”.



Batzarkide taldeek Martin Garitanori erantzuteko txanda izan dute arratsaldean, politika orokorreko osoko bilkuran. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano gogor kritikatu du diputatu nagusiaren eta Foru Aldundiaren jarrera: “Ez duzue legealdirako kudeaketa planik egin eta, ondorioz, ez duzue lehentasunik eta egoeraren arabera halako kudeaketa egiten duzue, hau da, eskasa”.

Era berean, Olanok Foru Aldundiari honakoa egotzi dio: “Batzar Nagusiei errespetua behin eta berriro galdu die. Horren adibide da, lehengo astean Batzar Nagusiek 13 kontu-eskatze bete gabe daudela onartu izana”.

Halaber, EAJ-PNVren eledunaren ustez, errespetu galtzerik handiena zaborren kudeaketaren arlokoa izan da: “Ezker Abertzalearen helburu politikoa lortzeko, alegia, errausketa-instalazioa ez egiteko, Bilduren aginteko Foru Aldundiak Batzar Nagusiei iruzurra egin die. Izan ere, Batzar Nagusiek azken erabakia ez hartzeko, Zaborren Kudeaketarako foru arauaren aldaketa sakona, garapena bailitzan aurkeztu du”.

Hori dela eta, Markel Olanoren aburuz, “Ezker abertzaleari soilik helburu politikoak axola zaizkio eta, aldiz, herritarrak hor konpon. Beraz, iruzurra eta inposaketa dira Ezker Abertzalearen jarreraren ardatzak”.

Krisiari aurre egiteko planik ez egiteari buruz ere mintzatu da Markel Olano: “Ezinbestekoa da krisiari aurre egiteko plana egitea, nahiz eta Bilduren ustez ez duen ezertarako balio”. Ildo beretik, Olanok segidakoa esan du: “Bilduren ustez garrantzitsuena sektore publikoa indartzea da, baina, hala ere, Gipuzkoako enpresek sortzen dute lurraldeko enpleguaren %85; izan ere, enpresak dira gure lurraldearen motorea”.

Hala, jeltzaleen bozeramailearen ustez, “ezinbestekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko ekimenak egitea, Gipuzkoako enpresak nahiz langileak babesteko. Aitzitik baina, Bilduk aurreiritzi izugarriak ditu eta, hortaz, enpresengandik oso urrun dago”. Horregatik guztiagatik, Markel Olanok ondorengoa iragarri du: “Ekonomia-sustatzeko Foru Araua egiteko proposamena egingo dugu, Foru Aldundiak gaurtik eta martxora bitartean presta dezan”.

Orobat, Olanoren iritziz, “Bilduren aginteko Foru Aldundiak Gipuzkoa kolokan jarri du. Ez du krisiari aurre egiteko planik egin nahi ‘ez dutelako ezertarako balio’ eta, era berean, greba orokorraren manifestazioaren lehenengo ilaran jarri dira. Hori onartezina da”.

Bide-azpiegituren, Gizarte politiken eta Kulturaren kudeaketa ere izan ditu hizpide EAJ-PNVren eledunak: “Lehenik, Bilduk ez du esan nahi gipuzkoarroi errepideak erabiltzeagatik zerga berria ezarri nahi digula hauteskundeak pasa arte. Eta, bitartean, kamioi atzerritarrentzako Etxegarateko bidesaria ez jartzeagaik milioiak galdu dira. Era berean, Gizarte Politikan Bilduk ez du proposamen berririk. Gipuzkoak hirugarren sektore garrantzitsua du Gizarte Politikak kudeatzeko, baina Bilduk ez du eredu horretan sinisten, nahiz eta munduan zehar eredugarria den. Eta, azkenik, kultura arloan lehentasunak gaizki ezarri ditu gobernuak. Alde batetik, Euskarazko Informazio eta Komunikazio Teknologiei zuzendutako diru-laguntzei murrizketa gogorra egin die eta, bestetik, Tabakalerako egitasmoa noraezean dago”.

Amaitzeko, Markel Olanok politika-egoera aztertu du: “Azkeneko 15 hilabeteotan Gipuzkoako Foru Aldundia Ezker Abertzalearen tresna politikoa izan da. Hau da, gizarte osoa ordezkatu beharrean, soilik herritarren zati bat ordezkatu du Bilduk: presoengandik gertuago egon zarete, biktimengandik baino. Desberdintasun hori oso kaltegarria da bake- eta adiskidetze-prozesurako”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario